Zazpi domina Azpeitiko igerilarientzat alebin mailako Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan

Uztarria.eus 2010ko mai. 25a, 20:05
Hauek dira igandeko jardunaldian parte hartu zuten herriko igerilariak

Hiru urrezko domina, zilarrezko beste hiru eta brontzezko bat irabazi zituzten Izarraitz elkartekoek

Txapelketa Azpeitian jokatu zuten, larunbatean eta igandean

Domina uzta ederra lortu zuten Azpeitiko igerilari gazteek joan den astebukaeran, herrian bertan jokatu zen alebin mailako Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. Larunbateko eta igandeko bi jardunaldietan, guztira zazpi domina kolkoratu zituzten Izarraitz Igeriketa Elkartean aritzen diren neska-mutilek: hiru urre, hiru zilar eta brontze bat.

Larunbatean 1999an jaiotako neska-mutilak eta 1998an jaiotako mutilak lehiatu ziren. Izarraitz Igeri Elkarteko zazpi ordezkarik hartu zuten parte, guztiek launa proba osatuz. Lau probetako denborak kontuan izanda egin zuten sailkapena eta, horrela, Oihana Goenagarentzat izan zen alebin mailako Gipuzkoako Eskolarteko txapela. 1998ko mutilen artean, berriz, Jon Aizpuruk zilarrezko domina lortu zuen. Miren Caballerok 10. postua eskuratu zuen, Markel Aranburuk 13.a, Imanol Odriozolak 27.a, Iker Carmonak 29.a eta Jon Sanchezek 37.a.

Igandean 1998an jaiotako nesken eta 1997ko mutilen txanda iritsi zen. Jardunaldia oparoa izan zen Azpeitikoentzat, guztira bost domina irabazi baitzituzten. Pablo Etxeberriak eta Jon Irigoienek bina domina lortu zituzten: Etxeberriak urrezkoa 1.500 metro libreetan eta zilarrezkoa 400 metro libreetan, eta Irigoienek urrezkoa tximeleta erako 200 metroetan eta zilarrezkoa 100 metroetan. Unai Break, berriz, brontzezko domina lortu zuen bizkar erako 100 metroetan. Jardunaldia borobiltzeko, Miren Berasategik bi bosgarren postu egin zituen (bizkar erako 100 metroetan eta 200 metro estiloetan), Unai Orbea zazpigarren sailkatu zen bulr erako 100 metroetan, Leire Agirretxe bederatzigarrena izan zen 100 metro estiloetan eta hamargarren bular erako 100 metroetan, eta BegoƱa Iriarte bederatzigarren 200 metro libreetan eta hamabigarren 100 metro estiloetan.