Zezenketen kartel lehiaketa

Jabier Altuna (Azpeitiko EAJko Udal taldearen izenean) 2010ko mai. 19a, 11:05

Azpeitiko Udaleko EAJ-PNV Udal taldeak bere iritzia azaldu nahi dio herriari, azken udalbatzarrean Udalbatzak, urgentziazko prozedura erabiltzera behartuz, zezenketetako kartel lehiaketaren inguruan hartutako erabakiari buruz.

.1. Udal Gobernu taldeak otsaileko Festa Batzordean, 700. urteurrena dela-eta, San Inazio festetako zezenketen kartel lehiaketa antolatzea proposatu zuen, zezenketak ere ospakizun honekin lotzeko asmoarekin. Oposizioko hiru taldeek ez zuten horrela ikusi eta atzera bota zuten egindako proposamena, kartel hori egitea Zezen Elkarteari dagokiola adieraziz.

.2. Egun horretan bertan jakinarazi zitzaion Zezen Elkarteari Udalak ez zuela lehiaketa hori antolatuko.

.3. Udalak zerikusirik izan gabe, akats bat tarteko, zenbait komunikabidetan Udalak antolatuko zuela azaldu zen. Oposizioko hiru taldeek azalpenak eskatu zizkioten festetako zinegotziari. Honek erantzun zien Zezen Elkarteari helarazi zitzaiola erabakia, eta Udalak ez zuela zerikusirik berri horrekin. Konforme gelditu ziren azalpenekin.

.4. Apirilaren 29an egindako batzordean, aurreko bileran egon ez zen oposizioko zinegotzi batek berriz gai hau atera zuen. Festa zinegotziak berretsi zuen aurreko bileran esan ziena. Oposizioko zinegotziak esan zuen, hala ere, idatzi bat ekarriko zuela hurrengo batzordera, denon artean adosteko asmoz. Horrela bukatu zen komisioa.

.5. Aurrez batzordetik pasatuko zutela esanez emandako hitza bete gabe, maiatzaren 6an egin genuen udalbatzarrean, galdera erreguetan eta urgentziazko prozedura erabiliz, joan den igandean komunikabideetan azaldu zen idatzia bozkatzea planteatu zuen oposizioak. Udalbatzak onartu egin zuen, EAJ-PNVren aurkako botoarekin.

Eta, guzti honen inguruan, bi kontu nabarmendu nahi ditugu:

  • 700. urteurrena dela-eta, arloz arlo, hainbat ekimen egiten ari da Azpeitiko Udala. Gure iritziz, zezenketek ere merezi zuten herriaren aldetik detaile xume eta polit bat, herri honen historian ere bere garrantzia izan dutelako.
  • Ez dugu ulertzen Azpeitiko zezenketei eta Zezenketa Elkarteari hainbeste oztopo jartzea. Lan handia eginez eta beti ere Azpeitiaren izena toki onean utziz, herriko festetan hain ikuskizun garrantzitsuak aurrera eramaten dituen elkarteak zerbait gehiago merezi du.