Amatasunaren garrantziaz

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 11a, 11:05

Edurne Salegi irakasleak Umetxo bat dugu gure bizitzan ikastaroa emango du datorren ostiraletik aurrera

Izena emateko epea etzi bukatuko da eta bertan parte hartu nahi dutenek 685 731 301 zenbakita dei dezakete

Umetxo bat dugu gure bizitzan ikastaroa antolatu dute Azpeitian, 0 eta urtebete bitarteko umea duten amei zuzenduta. "Aldi berezi horretan dauden amei biltzeko aukera eman nahi diegu, euren bizipenak elkarbanatzeko eta elkarrekin ikasteko giro ederra sortzeko", adierazi du ikastaroko irakasle Edurne Salegik. Bertan, nolabait esateko, umetxoarekin ongi etorriak diren gune eta une berezia eskaini nahi die amei.

Ikastaroan amak gehien kezkatzen dituzten gaiak tratatu eta landuko dituzte: arnasa eta gorputzaren askapena eta erlaxazioa; umetxoarekin komunikatzeko moduak; igurtziak, kantak eta jolasak; eta elkarrizketarako beste zenbait gai ere jarriko dituzte mahai gainean, besteak beste, umearen negarra eta sendiaren egituraketa. Gehien bat umea lehen aldiz izan duten amei zuzendutako ekimena bada ere, seme-alaba gehiago dituztenak ere parte hartu izan ohi dute. Izan ere, jeloskortasunaren gaia ere lantzen dute.

Ikastaroan izena emateko epea etzi bukatuko da eta bertan parte hartu nahi dutenek 685 731 301 (Edurne Salegi) telefono zenbakira dei dezakete. Oraindik izena eman daitekeen arren, jende dezente animatu dela eta ikastaroa emateko taldea osatzeko arazorik ez dutela izango jakinarazi du Salegik.

Klaseak astean behin emango dituzte, ostiraletan, 16:30etatik 18:15era bitartean, Sindikatu Zaharreko lehenengo solairuan. Lehenengo saioa ostiral honetan egingo dute eta azkena, berriz, uztailaren 23an. Ikastaroak hileko 40 euro balio ditu.

Bikotearen papera

Ikastaroko lehenengo hamabi saioak bereziki amei zuzenduta daude. Azkenengo lau saioetan, aldiz, bikotearekin joateko eskatzen diete amei. Irakaslearen esanetan, "kasu horretan ere aipatutako gaiak dira hizpide, baina bikotearen papera gehiago zehaztuz".

Azpeitian aurretik ere egin izan dituzte ikastaroak, eta orain arteko emaitza "oso ona" izan dela azaldu du ikastaroko arduradunak: "Ikastaro amaieran ebaluaketa moduko hausnarketa prozesua egiten dugu, eta jasotako balorazioak itzelak izan dira. Jendea oso gustura geratu da". Azken finean, "amek elkartzeko beharra dutela konturatu gara; batik bat, hasierako garai horretan. Ume txiki bat duzunean, asko eskertzen da beste ama batekin edo batzuekin batera dituzun kezkak adieraztea".