'Udalbiltza auzia' salatzeko elkarretaratzea egin dute plazan

uztarria,com 2010ko api. 29a, 22:04
Gaur arratsean Azpeitian egindako elkarretaratzea. (Berria.info)

Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarra daude orain zazpi urte abiatu zen operazioan auzipetuta

.50 bat lagun elkartu dira bilkuran

Udalbiltza auzia salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur (osteguna) Azpeitian ere. 50 bat lagun bildu dira plazan. Haien artean zeuden Miren Odriozola azpeitiar auzipetua, ezker abertzaleko zinegotzi ohiak eta gaurkoak, Juan Karlos Arellano Aralarreko hautetsia eta Mikel Ibartzabal EAkoa. Txema Auzmendi Egunkaria-ko auzipetua ere han zen.

Udalbiltzaren legez kanporatzearen zazpigarren urteurrena beteko da aurten, eta gaur zazpi urte egindako operazioa gogoratu eta auzipetuen egoera salatzeko egingo dute kontzentrazioa. 22 auzipetu daude Udalbiltza auzian inputatuta eta horietako bat da Miren Odriozola EHko eta Habeako zinegotzi izandakoa. Honekin batera, Hazparneko Xarlo Etxezaharreta ere auzipetuta dago sumario honetan – Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 1980ko hamarkadatik-. Bi auzipetuei hamarna urteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete, "ETAko kide" direlakoan, eta "diru publikoa ETAri bideratu" diotelakoan.

2003ko apirilaren 29an Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Udalbiltzaren kontrako operazioa agindu zuen eta erakundearen egoitzak zigilatu eta kontuak blokeatu zizkieten. Egun berean Zuberoan garapen egitasmoak bultzatzeko bildutako 400.000 euroak lapurtu eta hamahiru pertsona espetxeratu zituzten.

Udalbiltzak salatu izan duenez, "nazio eraikuntzan zein udalen arteko elkarlanean emandako urratsak geldiaraztea du operazio honek helburu". 22 auzipetuek 10 urtetik 23 urtera bitarteko zigor eskaerak dituzte.

Uztarria herri aldizkariaren 2008ko otsaileko zenbakiak zekarren Miren Odriozola eta Xarlo Etxezaharreta Udalbiltzako auziperatuei egindako elkarrizketa.