Urola bailarako XXXIII. Argazki rallya igandean egingo dute Azpeitian

Uztarria.eus 2010ko api. 7a, 14:04

Izena, egunean bertan, 9:00ak 9:30ak bitartean eman beharko da Argazki Elkartearen egoitzan

.16 urtetik gorakoek 7 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko

Azpeitiko Argazki Elkarteak Urola bailarako XXXIII. Argazki rallya antolatu du apirilaren 11rako, iganderako.

Aurtengo ibilbidea Azpeitia eta Zestoa artean izango da eta parte hartu nahi dutenek 9:00etatik 9:30etara bitartean eman beharko dute izena Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan, Perez Arregi plazako lehen zenbakian.

.16 urtetik gorako parte hartzaileek 7 euro ordaindu beharko dituzte eta hamaiketakoa izango dute guztiek.

14:00etan amaituko da argazki rallya eta argazkiak deskargatuko dituzte Argazki Elkartearen egoitzan. 30 argazki aukeratu beharko ditu argazkilari bakoitzak.

Hilaren 18a baino lehen, Argazki Elkarteak proposatutako gai bakoitzari dagokion argazkia bidali beharko dute parte hartzaileek postaz.

Sari banaketaren eguna eta ordua zehaztu gabe daude oraindik, eta datozen egunetan emango da honen berri. Sariak, ordea, finkatuta daude: bilduma onenaren egileak 150 euro eta Azpeitiko Eskudela jasoko ditu, bigarren bilduma onenak 100 euroko diru saria eta garaikurra eskuratuko ditu eta hirugarrenak 60 euro eta garaikurra irabaziko ditu.

Hauez gain, beste hainbat sari ere izango dira: argazki onenaren saria, Fototeka argazki onenarenaren saria, herriko lehen sailkatuaren saria eta 16 urtetik beherakoen artean, hiru bilduma onenak sarituko dituzte.