Bi lagun atxilotu dituzte azken lapurretekin lotura dutelakoan

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 12a, 11:02

Urtea hasi zenetik, dozena bat lapurreta egin dituzte hainbat saltoki eta elkartetan

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlana sendotu dute azkenaldian herrian egiten ari diren lapurretei aurre egiteko

Lapurreta ugari izan da herrian azken bi hilabeteetan. Azpeitiko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, lapurreta gehienak Damaso Azkue inguruan gertatu dira, gauez. Hori dela eta, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlana sendotzeko neurriak hartu dituzte. Egun osoan areagotu dute zaintza, bereziki gauetan.

Kontrola areagotzeak lehen emaitzak eman ditu dagoeneko. Herenegun gauean bi lagun atxilotu zituzten, lapurretan ari zirelakoan. Gauean zarata susmagarriak entzun zituen bizilagun batek emandako abisuari esker atzeman zituzten ustezko gaizkileak. Udal arduradunek herritar horren laguntza eskertu, eta "zerbait ikusitakoan Udaltzaingoari edo Ertzaintzari deitzeko" eskatu dute, honako telefonoak erabilita: 943-151313 (Udaltzaingoa) eta 943- 083780 (Azkoitiko ertzain-etxea).

Bestalde, lapurretak saihestekoohiko neurriak hartzea gomendatu diete herritarrei eta merkatariei. "Alarmak konektatu eta pertsianak eta ateak ondo ixtea komeni da", adierazi dute Udaltzaingoko ordezkariek.

Denetariko lapurretak

Urtea hasi zenetik, dozena bat lapurreta izan dira Azpeitiko hainbat saltoki eta elkartetan. Astearte gauean, esaterako, Iberotarren Plazan dagoen Ziripot elkartean sartu eta telebista ostu zuten. Urbitarte Eraikuntzaken egoitzan, Ttipi- Ttapa eta Oinkari oinetako dendetan eta Kemen Aholkulariaken bulegoetan sartu dira lapurretan egitera. Gainera, joan den igandean atrakua izan zen, egun argiz.

Urrestila auzoan ere lapurreta izan zen herenegun gauean, Antxieta elkartean. Azpeitiko zenbait etxetan lapurretara sartzeko saiakerak ere izan dira azken egunotan, baina lapurrek ez dute euren helburua lortu.

Polizia iturrien arabera, antolatutako talde batek egin ditu lapurretak. Kanpotik etorri, gauez lapurretak egin eta berehala alde egiten omen dute. "Pertsianak, ateak eta erakuslehioak apurtuta sartzen dira lokaletan", dio Udaltzaingoak. Ordenagailuak, zapatak, telebistak eta abar eraman dituzte aipatu lapurretetan.