Ez gaude garai bateko Albanian, Azpeitian baizik

Pello Elorza (Azpeitiko EAJren Uri Erakundearen izenean) 2010ko ots. 1a, 11:02

Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Erakundeak salatu egiten du San Sebastian bezperako danborradan Plaza Nagusia bete zuen pankartada.

Lehenengo eta behin, ezin da onartu gutxiengo batek gehiengoaren ahotsa ez entzutea, festara sartzea lotsarik gabe eta daramatzaten pankarta deigarriz betetzea plaza, Azpeitiaren errealitatearekin bat ez datozen edukiekin.

Bigarren, ezin onartua da zentzugabe batzuen ondorioz Azpeitiaren irudia modu distortsionatuan zabaltzea kanpo aldera, ETBko kamara eta irudien bidez.

Hirugarrenik, "independentzia eta sozialismoa" esloganak, hori baitzen pankartarik gehienetan irakur zitekeen eslogana, aurpegiak estaltzen dituzten jarrera eta benetako nortasuna agertzen dituzte, festa-esparruan abertzale moduan sartu nahi badute ere, benetan iraultzaile internazionalistak baitira eta hala jokatzen baitute.

Gauzak argi, kontuak garbi.