Asteazken arratsaldean odola emateko aukera izango da

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2010ko urt. 26a, 09:01

"Gaixo asko dagoenez", odol behar handia dagoela adierazi dute Odol Emaileen Elkartekoek

Hori dela eta, jendea animatu nahi dute odola ematera

Odol Emaileen Elkarteko Azpeitiko delegazioak bihar, asteazkenerako, odola ematera deitu ditu herritarrak. Bihar arratsaldean izango da hitzordua, 18:00etatik 21:00etara, anbulatorioan.

Emaile berrien bila

Azpeitiko Odol Emaileen Elkartekoek adierazi dutenez, iaz amaiera ona eman zioten urteari. Izan ere, pasa den abenduan egindako jardunaldietan 101 emailek hartu zuten parte. Odola ematera anbulatoriora joan zirenetatik zortzi, gainera, emaile berriak ziren; lehen aldiz eman zuten odola, alegia.

Baina iazkoa ez dela nahikoa uste dute elkartekoek. Beharra gero eta handiagoa dela nabarmendu dute. "Gaixo asko dago, ikaragarri, eta odol behar handia dago". Hori dela eta, jendea animatu nahi dute horretara; gazteak eta inoiz odola eman ez dutenak, batez ere. "Pertsona baten keinu txiki batek ikaragarri hobetu dezake gaixoen egoera". Lehendik emaile direnek eta emaile berriek urtarrilaren 27an, bihar, dute hitzordua.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu