Jabi Agirre presoarentzat zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak

Urola Kostako Hitza | Politika
2010ko urt. 25a, 08:01

Agirre ostiralean epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta orain epaiaren zain dago

2003tik dago preso Agirre

Herenegun igaro zen epailearen aurretik Jabi Agirre azpeitiarra, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Eta Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu zuen. Orain epailearen erabakiaren zain da Agirre. Gaur egun preso dago, Soto del Real presondegian (Espainia).

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak prozesuaren hasieran hamalau urteko kartzela zigorra eskatzen zuen Agirrerentzako; zazpi urte ETAko kide izatea leporatuta, eta beste zazpi etxean armak izatea egotzita. Baina, fiskalak zigor eskaera zazpi urtera murriztu zuen epaiketa egunean, ETAko kidea izatea leporatuta Frantzian epaitu zutelako, eta han eskatutako kartzela zigorra beteta duelako.

Espainiako Auzitegi Nazionalean herenegun goizean izan bazen ere, Agirrek uko egin zion epailearen aurrean deklaratzeari. Saioak bi ordu eta erdi inguru iraun zuen.

2003tik kartzelan

2003ko urtarrilaren 17an atxilotu zuten Agirre, Bourges herrian (Frantzia), Xabier Etxeberria azpeitiarrarekin batera. ETAko kideak izatea egotzi zieten biei ala biei.

Agirrek 2001. urteko urrian aldegin zuen Azpeititik, eta ETAko talde bati laguntzea eta etxean armak edukitzea leporatu zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak.

Bi urte geroago, 2003. urteko urtarrilean atxilotu zuten, Frantzian. Ondorioz, Fleury Merogiseko espetxean sartu zuten preso. Eta 2008. urteko azaroaren 8an bete zuen Frantziako Justiziak 2004an ezarri zion zortzi urteko kartzela zigorra.

Espainian preso

Baina Frantziako justiziak jarritako zigorra bete zuenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindua eman zuen, eta 2008ko abenduaren 2an Frantziatik Espainiara eraman zuten. Ordutik, Agirre Espainiako Justiziaren esku dago. Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailea izan zen euroagindua eman zuena. Orduan, Espainiaratzea salatzeko manifestazioa egin zuten hainbat lagunek Azpeitian.

Bai Frantzian eta bai Espainian hainbat espetxetan eduki dute azpeiatiarra preso: Frantzian, besteak beste, Fleuryn, La Santen, Moulinsen, Fresnesen eta Poisin. Espainiaratu zutenean Soto del Realen sartu zuten preso, eta ordutik Aranjuez eta OcaƱa I kartzeletan eduki dute giltzapean.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu