Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urteurreneko ekitaldiak aurkeztu dituzte

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2010ko urt. 25a, 08:01

Azpeitia Ezagutzen lehiaketa jarri dute martxan 'Azpeitian zer?'udal aldizkariaren bidez

Azpeitiko arlo hainbat landuz, zazpi liburuko bilduma aterako dute urtean zehar

Julian Eizmendi alkatea, Ana Mendizabal zinegotzia, Imanol Elias idazlea, Leire Lazkano hautetsi independentista eta Manuel Unanue EAko zinegotzia larunbatean, udaletxean. (Nerea Uranga)  Argazki originala

Aurten 700 urte betetzen dira Azpeitiak herri-gutuna jaso zuela. Urtemuga horren baitan, Udalak hainbat herritarrekin eta eragilerekin batera zenbait ekitaldi antolatu ditu urte osoan zehar . Herri-gutuna herriaren bilakaeran, administrazioan eta antolakuntzari dagokionean garrantzitsua izan dela azaldu du Julian Eizmendi alkateak. "Urtemuga une aproposa da atzera begiratu bat eman eta etorkizunerako hausnarketak egiteko".

Urteurreneko ekitaldietan ere krisi ekonomikoak bere eragina izango duela azaldu du alkateak. "Krisi garaian gaude, eta hori kontutan hartu du Udalak egitaraua antolatzerako orduan", aitortu du. "Baina duintasunez antolatutako ekitaldiak izango dira, eta duintasunez pasatu dezagula historiako une hau".

Aurtengorako era askotako ekitaldiak antolatu direla azaldu du Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak: "Lehiaketa, hitzaldiak, erakusketak, jaialdi bereziak, bisita gidatuak eta liburu eta ipuin bildumak, besteak beste". Udalak, dagoeneko herriko etxeetara bidali du ekitaldien berri ematen duen triptikoa. Dena den, aurrerago ekitaldiak banaka eta xehetasunez azalduko dituztela iragarri du.

Liburu eta ipuin bildumak

Azpeitiko arlo hainbat landuz, zazpi liburuko bilduma aterako dute urtean zehar. "Herriko ondare artistikoa, genero harremanak... gai ugari lantzen dituzten liburuak dira bilduma osatuko dutenak. Horiek urtean zehar aurkezten joango gara", dio Kultura zinegotziak. Horrez gainera, haurrentzako ipuin bilduma bat ere egingo dutela aurreratu du. "Herriko txikiak ere herriko historia ezagutu dezaten, ipuinak aterako ditugu". Ipuin bildumaren berri, zehatz-mehatz, pare bat hilabete barru emango dutela ere esan du.

Urtemugako antolatu duten egitaraua prestatzen hainbat herritarrek eta eragilek lagundu dute eta Udalak eskerrak eman dizkie guztiei.

Logotipoa nonahi

Urteurrena iragarriko duen logotipoa Ainara Martin Blancok egindakoa da. Hemendik aurrera etxeko hainbat txokotan noiznahi ikusiko ahalko dela azaldu du Mendizabalek: herriko sarreretako karteletan jarriko dute; urtemugako ekitaldiak iragartzeko erabiliko dute; Azpeitian Zer? udal aldizkarian ere jarriko dute; datorren hilean herriko etxeetan banatuko dituzten erosketetarako poltsa berrerabilgarriek izango dute; eta, herriko tabernetan eta elkarteetan logotipoa duten azukre poltsatxoak banatuko dituzte.

Pasatu berri diren San Sebastian jaietan ere urteurrenak presentzia izan duela gogorarazi du Mendizabalek. "Haurren danborradako karrozan gaia irudikatu zen eta arrakasta izan du, jendeari asko gustatu baitzai".

Urtemugaren inguruan antolatutako ekitaldiek "herriko hainbat arlo jorratzeko" izango direla nabarmendu dute. Baina, horietan herritarrek parte-hartzea nahi dute. "Ekitaldietan herritarrek parte hartzea beharrezkoa da, beraz, horretara animatu nahi ditugu". Urtean zehar joango dira ekitaldiak eta hitzorduak zehaztasunez aurkezten.

Azpeitia Ezagutzen Lehiaketa

Egitaraua osatzen duten ekitaldien artean Azpeitia Ezagutzen Lehiaketa aurkeztu zuten atzo zehaztasunez. Lehiaketa, Azpeitian zer? udal aldizkariaren bidez jarri du martxan udalak; urtarrileko zenbakian abiatu dute.

Lehiaketa herriari buruzko galderek osatzen dute. Imanol Elias Odriozola idazle eta historialariarena izan da lehiaketa antolatzearen ardura. Baina ekimena aspaldiko kontua dela nabarmendu du Eliasek : "Lehiaketaren ideia zaharra da, orain dela urte batzuk, 1984an hain zuzen ere, antzeko zerbait egin zuten. Orduan ere Azpeitian zer? aldizkariaren bitartez egin zuten lehiaketa. Oraingoa. beraz, ordukoaren jarraipena da".

Azpeitia Ezagutzen lehiaketak bi maila ditu: bata, gazteena, 14 urte bitartekoena, eta bestea, helduena. Udal aldizkariaren bidez maiatzeko zenbakira arte galdetegiak argitaratuko dira. Maila bakoitzeko lehiaketa ehun galderek osatuko dute. Galdera gehien erantzuten dutenentzako izango dira sariak. Berdinketa egongo balitz, zozketa bidez erabakiko lituzkete saridunak. Maila bakoitzean hiruna sari banatuko dituzte. Helduen mailan, lehenengo bi sariak landetxe batean bi lagunentzako asteburu-pasak izango dira, eta hirugarren saria bi lagunentzako Larrañaga jatetxean afaria. Gazteen mailan, lehen saria ordenagailu eramangarria da; bigarrena, informatikako denda batean gastatzeko erosketa txartela; eta, hirugarrena, kirol-denda batean gastatzeko erosketa txartela.

Lehian, historia ezagutuz

Lehiaketaren helburua herriko historia ezagutzea dela azaldu du Imanol Eliasek. "Lehiaketak irakurtzera eta erantzuna bilatzera bultzatzen du, eta horretarako lan bat egin behar da. Horrela, gauza bat bilatzen duten bitartean beste batez jabetuko dira. Bila dabiltzan bitartean herriko historia jorratuko dute". Haurrekin ere "gauza polita" egin daitekeela uste du historialariak, "haurrak lehiaketa egiteko mugitzen badira, datuak-eta bilatzen laguntzeko gurasoak mugiaraziko dituzte".

Udal aldizkariko lehiaketako galdeketari kopiak atera daitezkeela azaldu dute, "etxean bat baino gehiagok parte hartu nahi badu lehiaketan galdetegiari kopiak atera diezazkioke interesa duenak".

Ekainean galdetegiak zenbatu eta uztailean banatuko dituzte sariak. Galdetegiak beteta uzteko bi kutxa jarri dituzte: bat igerilekuan eta bestea liburutegian. "Udaletxean, Kultura saileko bulegoan ere jasoko ditugu betetako galdetegiak", esan dute.

Laster, bi hitzaldi

Aurki egitekoak dituzten bi hitzaldiren berri ere eman dute udaleko arduradunek, 700. urteurreneko ekitaldien aurkezpenean. Otsailaren 1ean da egingo dute lehenengoa, eta historiaurreari buruzkoa izango da. Bigarrena, otsailaren 3an izango da, eta orduan Erdi Aroko kontuak izango dituzte hizketarako gaiak.

Bidali:  

Erantzunak

Jamer | 2010-01-25 : 12:01

Azpeitiari buruzko artikulua dago gaztelerazko wikipedian: http://es.wikipedia.org/wiki/Azpeitia Bertan azaltzen da nolatan Antxieta etxea mudejar estiloko den edo herriaren fundazio gutuna gaztelako Fernando IV.rrenak eman zuela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu