Zaleak bezain tentsio eragileak

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 15a, 10:01
Herenegun hitzaldia eman zutenak. (Nerea Uranga)

Gurasoak eta jarraitzaileak gaia hartuta hitzaldia izan zen herenegun, Enparan Dorretxean.

Eskolarteko kirol ekitaldietan guraso batzuen jarrera desegokia dela-eta egin dute solasaldia.

Eskolarteko kirolean "fenomeno berria" gertatzen ari dela-eta hitzaldi bat antolatu zuten herenegun Lagun Onak Futbol Klubeko Futbol Eskolako kideek eta Iraurgi Saskibaloi Elkarteko Teknifikazio Eskolakoek. Gurasoak eta jarraitzaileak izenburu bezala hartuta jardun zuten hizketan, Hodei Mendinueta Real Union futbol taldeko jokalariak, Elias Mendinueta gurasoak, Aitor Zulaika Lagun Onak Futbol Klubeko kideak, Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Elkarteko kideak, Joseba Lizarralde Rubio Kirol koordinatzaileak eta Iñigo Azkue futboleko Bigarren B mailako epaileak. Enparan Dorretxean 50 bat lagun bildu ziren.

Azkoitiko eta Azpeitiko eskolarteko saskibaloiko txapelketa bukatu berri dute, eta orain futbolekoari ekingo diote. Azken denboraldian inoiz ez bezalako arazoak izan dituztela azaldu dute eskolarteko kirol arduradunek. Jose Luis Zubizarretak dioenez, "32 urte dira kirolean murgilduta nabilela herri honetan. Urte horietan guztietan alor askotan ibili naiz: jokalari, guraso, entrenatzaile... Atzera begira jarrita ohartzen naiz zenbait gauza gaizki egin ditudala. Baina , oraingo egoera ikusita gauzak aldatu egin direla ohartzen naiz. Hau da, gu jokalari ginenean, gure partidak ikustera gurasorik ez zen joaten. Gaur egun, ordea, guraso batzuk seme-alaben entrenamenduetara ere joaten dira".

Astero "izugarrizko arazoak"

Saskibaloiko eskolarteko txapelketan "izugarrizko arazoak" izan dituzte guraso batzuk partidako epaileekiko eta entrenatzaileekiko izandako jarrera txarragatik. Joseba Lizarraldek kontatu duenez, horri aurre egiteko "neurri gogorrak" hartzekotan egon dira. Lizarraldek Azkoitiko eta Azpeitiko Kirol Kontseiluko kidea da. Kontseilua bi herrietako ikastetxeetako kirol koodinatzaileek eta udaletako kirol teknikariek osatzen dute. "Astero biltzen da Kontseilua, eta bilera asteburu horretako gertaerekin hasten dugu. Azken urteotan gero eta arazo gehiago ditugu. Gertaera okerrenak beti entrenatzaileen eta gurasoen jarrera txarragatik dira; eta gehienetan epaileekiko gertatzen direnak". Azkenaldian izan dituzten arazoak tarteko, partidak kiroldegi itxi batean jokatzea eta kantxen inguruan hesiak jartzea aztertu dute. "Kiroldegi itxi batean jokatu eta gurasoei sartzen ez uztea ere aztertu dugu, une batzuetan tentsio handiko gertaerak izan direlako".

Aurrena, seme-alaba

Kirol ekitaldi guztietan parte hartzen dutenak "pertsonak" direla nabarmendu du Aitor Zulaikak: "Jokalariak, jokalari baino lehen gure seme-alabak dira. Gu geu aurrena guraso gara eta gero jarraitzaile. Kirola dibertigarria eta osasuntsua da, eta batik bat heziketarako ekintza da". Etxean erabiltzen den hizkera ere zaindu egin behar dela dio: "Ondo pasatu al duzu? galdetu baino lehen, zer egin duzue? galtzen zaie haurrei. Minik hartu al duzu? baino lehen, 'zenbat gol sartu dituzu?'".

Eskolarteko kirolean aritzen diren epaileak eta entrenatzaileak boluntario ari direla eta haien lana errespetatu egin behar dela nabarmendu dute. Iñigo Azkue futboleko epaileak adierazi duenez, epaileek arau batzuk jarraitu behar dituzte, eta arauak ez dira izaten epaileak erabakitakoak. Honek ere makina bat gertaera bizi izan dituela azaldu du: "Behin Ondarroan jubenil mailako futbol partida batean ikusle bat futbol zelaitik kanporatzeko eskatu nion kirol delegatuari. Atezain bati izugarriak esaten ari zitzaion, hura negarrez uzteraino. Nik hori ezin nuen jasan".

Errespetua merezita

Eskola kirolean boluntario lanean ari direnek "errespetua" merezi dutela azaldu du Elias Mendinuetak. Bestetik, euren seme-alabak kirolean dabiltzan gurasoei "konpromisoa" eskatu behar zaiela dio: "Taldeak entrenatzeko, epaile lanak egiteko...". Gainera, haren ustez administrazio publikoak baliabide gehiago bideratu beharko lituzke eskolarteko kirolera. Zenbait gurasok eskola kiroleko ekitaldietan azaltzen duten jarreraren aurrean, ondoan dituen beste gurasoek zerbait esan beharko liekela ere esan du.

Hodei Mendinueta futbol jokalariak, bere ibilbidean gurasoak "jarraitzaile amorratuak" izan dituela esan du. Baina, ondoko zenbait lagunek gurasoekin gaizki pasatu izan dutela: "Batzuk partidatik etxera joan eta izugarrizko errietak entzuten zituzten".

Hitzaldira joandako guraso batek azaldu du, 8,9 edo 10 urteko haurren kasuan "lehiakortasunari garrantzia gehiegi" ematen zaiola.

Kirola lehia da, baina kirola hezitzailea dela esaterakoan ere bat etorri dira; horrek izan behar du "erronka" eskola kirolean jarduten dutenentzat : "Galtzen eta irabazten ikasi behar da, taldeko arauak errespetatzen, taldean aritzen...". Eta, gurasoek ere kirol heziketa izan behar dute hitzaldiko protagonisten, eskola kiroleko arduradun eta Enparan Dorretxean bildutako gurasoen arabera.