Patxi Aizpitartek bikario kargua utzi du Munilla gotzain izendatzean

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2010ko urt. 12a, 14:01
Argazkian, Patxi Aizpitarte (eskubian) Kepa Susperregirekin eta Jose Gabilondorekin, Azpeitiko erretore zen garaian.

Gotzain berriak izendatzean bikarioak ere aldatzea "guztiz normala" dela adierazi du gotzaindegiak

Aizpitarte hamabost urtean aritu zen Azpeitian apaiz lanetan

Patxi Aizpitarte beizamarrak eta 70eko hamarkadan Urrestillako erretore izandako Felix Azurmendi Donostiako gotzainaren bikarioek eta elizbarrutiko goi-karguek euren ardurak utzi dituzte Jose Ignacio Munilla gotzain izendatu ostean.

.1986an egin zen apaiz Aizpitarte eta, 2001ean Donostiako elizbarrutiko bikario izendatu zuten arte, Azpeitian izan zen; apaiz laguntzaile eta gaixo eta gutxitu fisikoen kristau anaitasuneko kide gisa egin zuen lan.

Gotzaindegiak adierazi duenez, gotzaina aldatzean honen taldea aldatzea "guztiz normala" da eta, orain, Munillak lan talde berria osatu beharko du. Normalean gotzainak erabakitzen badu ere kargu horiei eutsi ala arduradun berriak izendatu, kasu honetan beraiek izan dira postuak uzteko pausoa eman dutenak; duela aste batzuk jakinarazi zioten Munillari asmoen berri.

Patxi Aizpitarte (Beizama, 1955) eta Felix Azurmendi urretxuarra 2001etik izan dira bikario nagusi, Juan Maria Uriartek izendatuta. Aizpitarte, esaterako, Azpeitiko erretore izan zen hamabost urtetan, eta ondoren Osasun Pastoraltzan eta Seminarioan aritu zen.

Bikarioez gain, gotzaindegiko zenbait karguk eta Karitaseko arduradun Jose Carlos Olanok ere euren postuak utzi dituzte edo laster utziko dituzte.