Udaletxeko langileek kartelak kendu izana salatu du ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 11a, 10:01
Kalean jarri zituzten karteletako bat.

Kalean salaketak egiteko eskubiderik ez al duten galdetu dute Azpeitiko ezker abertzaleko kideek

Ezker abertzalekoen ustez "larria" da Udaleko langileak horretarako "erabiltzea"

Azpeitiko ezker abertzaleak herriko kaleetan jarritzen dituen kartelak kendu egiten dituztela salatu du. Horrez gain, Udal Gobernuak udaleko langileei kartelak kentzeko agintzen diela ere kritikatu du. Ezker abertzalekoen ustez "larria" da Udaleko langileak horretarako "erabiltzea".

Ezker abertzaleak atzo ateratako prentsa oharrean esaten duenez, "Julian Eizmendiren Udal Gobernuak Udaleko langileak erabiltzen ditu ezker abertzaleak jarritako pankartak eta kartelak kentzeko". Esan dutenez, ez da aste edota egun batean gertatutako "kasu isolatu bat". Ezker abertzalekoen ustez, erabaki baten ondorioa da haiek kartelak kentzearen kontua: "Badirudi, ezker abertzalearen lan politikoari mugak jartzeko erabakia hartuta duela EAJk. Jelkideen talante demokratiko kaskarraren erakusle, ez dute inolako kritika politikorik onartu nahi".

Ezker abertzaleak Leku Eder enpresa, EAJ eta EA akordio bat egin nahian dabiltzala salatu zuen duela aste batzuk. Hori adierazteko jarri dituzten kartelak dira kaleetatik erretiratu dituztenetako batzuk; "dirudienez urduri daude EAJko agintariak", esan du ezker abertzaleak. Gaineratu dutenez, ezker abertzaleak dituen datuen arabera, "Luziano Soraluzek bere txantaiaren helburuak lortzeko EAJ eta EA izango ditu bidelagun".

Ezker abertzaleak edo beste edozein eragilek "salatzeko eskubiderik" ez al daukan eta aurrez aipatutako gai horrekin lotutako kartelik ezin al duten kaleratu galdetu dute.