Duintasuna eta justizia

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa) | Komunikabideak
2009ko abe. 14a, 13:12

'Egunkaria auzia'-z idatzi du Noticas de Gipuzkoan

Zazpi urte denbora asko da susmopean egoteko. Inguruaren babesa izanagatik, animo eta elkartasun mezuak etengabe jaso arren, salaketa larrien mehatxupean bizi beharrak kementsuenaren adoreari erasaten dio. Martxelo, Joan Mari, Iñaki, Txema eta Xabier luzarorako espetxean nahi dituzte AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek. Uler nezake terrorismoaren biktimen jokabidea, denborak ere sendatzen ez dituen zauriek eragina. Hauen mendeku premia epaileak kontuan hartzea da inola uler ez dezakedana. Dignidad y Justicia da beste salatzailea. Sarean duten web orri eldarnioz josian, beste hainbat gauzaren artean —gaztelaniaz, noski— hauxe diote hitzez hitz: "ETAren finantza sarea osatzen duten enpresa eta erakundeak: AEK, Euskadiko Kutxa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak…" Salaketa izugarriak lasai-lasai egiten dituzte, zernahi esatea libre. Zerrenda luzea da. Azkeneraino irakurri dut, badaezpada, agertzen direnak agertuta ez bailitzateke harrigarria izango gu geu han izatea ere. Oraindik ez die denborarik eman.

Jada ezkutatua den epaile batek abian jarritako auzibidean, fiskaltzak salaketak banan-banan erretiratu ditu zazpi urteotan. Bi elkarteren akusazioak aintzat harturik, epaiketa egitekotan dira halere. Zigor-eskariak izua eragiteko modukoak. Eta akusatuen aulkian euskararen aldeko ekintzailerik prestuenetako bost. Salaketek inolako zentzurik ez dutela jakin arren, epaituko dituzten bost lagunak beldurrak airean daude, ez baitira fidatzen, ez baitute fidatzeko motiborik. Auziperatuak errugabe direla uste dugunok, euskalgintza guzti-guztia auzitan dakusagunok, ezin gera gaitezke besoak antxumatuta, epaiak zer emango zain. Gure haserre eta amorru guztia azaleratu eta bost lagunei elkartasuna adierazteko, sekula baino indar eta batasun gehiagoz irten behar dugu kalera, duintasun eta justiziarik izango bada.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu