"Euskararentzako kultura berri bat indartzeko konpromisoa" hartu du Patxi Lopez lehendakariak

Uztarria.eus 2009ko abe. 3a, 15:12
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez Loiolako Santutegiko liburua sinatzen.

Gaur eguerdian Loiolako Santutegian egin duen agerraldian adierazi du "euskararekiko konpromisoa"

Aita Larramendik 1927. urtean argitaratu zuen lehen euskal gramatikaren hitzaurrearen zati bat irakurri du

Euskararen Nazioarteko Egunean "euskararentzako kultura berri bat indartzeko konpromisoa" hartzen duela adierazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopeezk, gaur eguerdian Loiolako Santutegian egin duen agerraldian.

Adierazpen horiek egin aurretik, Aita Larramendik 1727. urtean argitaratu zuen lehen euskal gramatikaren hitzaurrearen zati bat irakurri du Lopezek. Aita Larramendiren gelan, 111. zenbakian, irakurri du. Ondoren, Loiolako Santutegiko liburuan sinatu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Lehendakariaren adierazpena, hitzez hitz

"Euskararen Nazioarteko Eguna dugu gaur. Munduari garenaren kontzientzia ezarri nahi diogu, eta, guk geuk ere, mundutartu egin nahi dugu.

Behin eta berriro, gaur eta hemen inoiz baino gehiago, euskara eta libertadea elkarrekin lotu nahi ditugu, bereziezin bilakarazi.

Euskarazko kultura demokratikoa, tolerantea eta aurreiritzi gabekoa bultzatu nahi dugu; euskara askatasunaren eta demokraziaren bidelagun nahi dugu.

Euskara ez da ideologia konkretu baten ondare. Euskadi, Espainia, Europa eta munduko biztanle ororen ondasuna da, kultura unibertsala hornitzen eta aberasten duen hizkuntza den heinean.

Euskaldunoi eta euskal instituzioei dagokigu hiztunei bidea erraztea. Baina beti era orekatu, emankor eta bazterketarik gabekoa.

Euskara eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza ezin dugu arazo bat bezala ikusi, baizik eta gizarte eredu solidarioagoa eta aurrerakoiagoa lortzeko aukera bat bezala.

Gaur, hemen, euskararentzako kultura berri bat indartzeko konpromisoa hartzen dut. Aniztasunean oinarritutako hizkuntz eredua.

Euskara non, han egon nahi dugu guk. Hitzen geografiak ez baitu mugarik. Euskara hiztun bat non, han behar dugu egon.

Gaur dugu eguna hori esateko. Euskara egunero, munduoro".