Inazio Uriaren hilketaren urtemugako bilkuran parte hartzeko deitu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 3a, 09:12

Gaur, 13:00etan, egingo dute elkarretaratzea, Loiolan, ETAk duela urtebete hil zueneko tokian bertan

Hamabost minutuko elkarretaratze isila izango da

Gaur da urtebete ETAk Inazio Uria azpeitiar enpresaria tiroz hil zuela Loiolan, Kiruri jatetxearen eta Xanadu tabernaren artean. Uriaren familiak elkarretaratzea egingo du 13:00etan, Loiolan, hil zuten tokian bertan. Azpeitiko Udalak, herritarrak gaurko elkarretaratzean parte hartzera deitu zituen atzo. "Inazio Uriaren oroimenez eta bere familiari elkartasuna adierazteko Azpeitiko herritar guztiei dei egiten zaie, Loiolako monolitoaren aurrean egingo den hamabost minutuko elkarretaratze isilera", zioen atzo Julian Eizmendi alkateak sinatuta Udalak ateratako deialdiak.

Gaur, gainera, Inazio Uriaren oroimenezko bilkuran, haren omenez familiak jarritako oroitarria inauguratuko dute. Azaro bukaeran jarri zuen Uriaren familiak, enpresaria hil zuteneko tokian. Aurretik, Uriatarrek oroitarria jartzeko eskaria egin zuten Udalean, eta Udalak aho batez onartu zuen eskaria. Olazko amabirjinaren irudia eta enpresariaren izena duen plaka bat du oroitarriak.

Hilero, hilaren hirugarrenez

Atentatua eta gero, aurrena asteazkenero egin zituen bilkurak Inazio Uriaren familiak. Otsailaz geroztik, berriz, hilaren hirugarrenez bildu dira, hilero hilero, Inazio Uria hil zuten tokian, Loiolan. Hilero, ordu laurdenez, bilkurak egiteko erabakia hartu zutenean esan zutenez, Inazio Uriaren hilketa ez ahazteko eta "ETAren basakeria gaitzesteko" erabaki zuten bilkurak egitea. Urtebete honetan egin dituzten elkarretaratzeetan Inazio Uriaren familiartekoekin batera hainbat politikarik eta Terrorismoaren Biktimak taldeko kideek ere hartu izan dute parte. Gaur urtemugako elkarretaratzean izango direla esan dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria den Patxi Lopezek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusi den Markel Olanok.

Patxi Lopezek ekainean ere hartu zuen parte Loiolan Inazio Uriaren oroimenez egindako elkarretaratzean.