Etxebeltz-Izarrako etxejabeek manifestazioa deitu dute hilaren 28rako

Uztarria.eus 2009ko aza. 21a, 11:11

Babes Ofizialeko Etxeen obren atzerapenagatik egingo dute protesta; 19:00etan hasiko da, plazan

"Iruzurrik ez! Amaitu gure etxeak!", "zergatik libreak bai, eta BOE ez?", "azpijokorik ez!", diote, herrian jarritako karteletan

Etxebeltz-Izarrako Babes Ofizialeko Etxeen (BOE) jabeek euren etxebizitzen obren atzerapena dela-eta haserrea adierazteko manifestazioa deitu dute hurrengo larunbaterako (hilaren 28rako). 19:00etan hasiko da, Azpeitiko plazatik.

"Etxebeltz-Izarrako kaltetuak" bezala, kartelak jarri berri dituzte kalean, eta Altuna y Uria eta Amenabar eraikuntza enpresei zuzendu zaizkie, "iruzurrik ez! Amaitu gure etxeak!" exijituz.

"Zergatik libreak bai, eta BOE ez?" ere galdetu dute, eta Leku-Eder enpresari "azpijokorik ez!" egiteko eskatu diote.

Udalak azaroaren 5eko udalbatzarrean aho batez erabaki zuen Etxebeltzeko BOEko bigarren zozketa abian jartzea. Lehenengo faseko zozketa —154 etxebizitzena—, eginda dago. Gainontzeko 54 etxebizitzak zozkatzea falta da.