Etxebeltzeko babes ofizialeko etxeen bigarren zozketa abian jarriko du Udalak

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 7a, 15:11

Zozketa eguna jartzeko Udalak eman beharreko pausoak martxan jartzea erabaki dute udalbatzarrean, aho batez

Gaur egun, 208 etxebizitzetatik 54 zozkatzea falta da

Etxebeltz-Izarran babes ofizialeko 208 etxebizitza (BOE) eraikiko dituzte. Lehen faseko zozketa, 154 etxebizitzena, eginda dago. Gainontzeko 54 etxebizitzak zozkatzea falta da. Bigarren faseko zozketarako betebeharrak egin eta zozketa eguna jartzeko pausoak ematea erabaki du Udalak. Erabakia aho batez hartu zuten herenegun ohiko udalbatzarrean.

"Bigarren faseko zozketa egiteko eginbeharrei lehenbailehen ekingo geniola adierazi genuen eta orain horri ekitea erabaki dugu", azaldu du Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak (EAJ).

"Eremu horretako eraikitzaileen aldetik dagoen mehatxua" ekarri du gogora Xanet Esnaola hautetsi independentistak, "prozesu horrek aurrera egitea ez dago Udalaren esku bakarrik, eraikitzaileen esku ere badago. Beste etxebizitza batzuen zozketak ere egiteko daude, besteak beste, Koartelekoak, Nuarbekoak eta Enparan kalekoak". Udalbatzak adostasunez erabakia hartzea "positiboa" zela gaineratu du Esnaolak.

Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzekin lotutako alegazio batzuk erantzun gabe ditu Udalak, horiek erantzun eta egin beharreko bideari ekingo diola azaldu du Eizmendik. Gero, hortik aurrerako kudeaketa Azpeitia Lantzenek egingo du.

Esklabetako eremuaz epaia

Udalbatzarrean jakinarazi dutenez, Euskal Autonomi Erkidegoko epaitegiak 2007ko Arau Ordezkatzaileetako AIU 4 Izarraizpeko eremuari (Esklabetako eremua) dagokion plana «anulatu» du. Leku Eder enpresak eskatu zuen hori epaitegian eta honek onartu egin du. Orain, Udalak erabaki beharko du errekurtsoa aurkeztu edo ez.