Datorren urteko egutegia osatzeko bilera deitu dute mendizaleek

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 17a, 11:09

Mendizaletasuna helburu eta ardatz dituen egutegia osatu nahi du Lagun Onak Mendi Bazkunak

Larunbaean helduentzako goiz ibilaldia antolatu dute Urkulueta-Arrietabaso-Arruetara mendietara

Lagun Onak Mendi Bazkuna dagoeneko hasi da datorren urteko egutegia osatzen. Mendizaletasuna helburu eta ardatz duten ekimenak antolatu nahi ditu egutegi horren baitan. Baina, egutegia osatzeko herritarrei eta nahi duten guztiei "ateak ireki nahi dizkio mendi elkarteak".

Hori dela-eta, datorren hilaren 24an, osteguna, bilera irekia deitu du elkarteak. Mendizale elkartearen lokalean (Santiago Kalea) jarri dute hitzordua, 18:00etan. "2010. urteko egutegia osatzen parte hartu nahi dutenak bilerara azaldu daitezela", eskatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak.

Asteburuko irteera

Baina, datorren urtekoen aurretik aurtengorako antolatuta dauzkaten mendi irteerak egingo dituzte azpeitiko mendizale taldekoek. Esaterako, etzi, larunbatean, helduentzako goiz ibilaldia dute antolatuta Urkulueta-Arrietabaso-Arruetara mendietara; bost orduko mendi ibilaldia izango da. Autobusez joango dira aurrena, 08:00etan Azpeitiko plazatik irtenda.

Izena mendizaleen tabernan eman behar da eta gaur izango da horretarako azkenengo eguna.