Jaione Unanue ez du auzipetu Garzonek D3M eta Askatasuna auzian

Berria.info, uztarria.com 2009ko ira. 7a, 16:09

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 13 lagun inputatu ditu

Unanue epailearen aurrean izan zen otsailean, Askatasuna alderdiko ordezkari gisa

Demokrazia 3.000.000 (D3M) herri elkartearekin eta Askatasuna alderdi politikoarekin lotutako hamahiru lagun auzipetu ditu gaur (astelehena) Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, ETAko kide izatea edo erakunde armatua laguntzea egotzita. Auzi horretan zegoen Jaione Unanue Kuka azpeitiarra, Askatasunako ordezkari gisa, baina hamahiru haien artean ez dago.

Otsailaren 6an Madrilera joan behar izan zuen Unanuek ere epailearen aurrera.

Arantza Urkaregi, Ampaso Lasheras, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Agurtzane Solaberrieta, Eli Zubiaga, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta, Zuriñe Zorrozua, Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzana dira Garzonek gaur auzipetu dituen hamahiru horiek, eta hilaren 10ean, 10:00etan, Madrilgo auzitegian aurkezteko agindu die.

D3Mk eta Askatasunak joan den martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu nahi izan zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zituen, Batasuna legez kanpoko alderdiarekin harremana zutelakoan. Urtarrilaren 23an Espainiako Poliziak Urkaregi, Lasheras, Iñaki Olalde, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo eta Imanol Nieto atxilotu zituen, eta horiek denak egun batzuetara libre geratu ziren, bermepean.

Garzonek beste hamabi lagun ez ditu auzipetu: Unanuez gain, Iñaki Olalde, Urtzi Vidal, Miriam Diaz de Tueste, Ainara Etxebarria, Itziar Garmendia, Eneko Agirre, Oskar Biteri, Maria Barcena, Ana Tapia, Aioa Barrena, Gotzon Amaro.