Herrialde Katalanetako eta Espainiako bisitariak izan dira gehien abuztuan Azpeitian

Uztarria.eus 2009ko ira. 2a, 13:09

Guztira 3.470 bisitari izan ziren Loiolako Informazio Turismo Bulegoan

Frantziatik, Portugaldik, Italiatik eta Austriatik ere etorri dira

Udako oporrak bukatu dira gehienentzat. Azpeitiar askok kanpora joateko eta hango eta hemengo bazterrak ikusteko aprobetxatu dute. Era berean, Azpeitia ezagutzera etorri diren bisitariak ere izan dira. Maia Ruiz Loiolako Informazio Turismo Bulegoko kidearen arabera, denera 3.470 pertsonek bisitatu dute bulegoa abuztuan.

Herrialde Katalanetatik etorri da jende gehien; batik bat, Kataluniatik —Valentziakoa ere izan da—. Espainiako jende asko ere izan da; batez ere, Madrilgoa.

Europako beste bisitariei dagokionez, Frantziatik, Portugaldik, Italiatik eta Austriatik iritsi dira. Ruizek azaldu duenez, AEBetatik, Asiatik eta Ozeaniatik ere etorri da jendea.

Bisitarien zentroak duen ikus-entzunezkoetan, berriz, bisitarien %15 egon ziren joan den hilean.

Loiolako Informazio Turismo Bulegoko langileak esan duenez, "bisitariak bikoteka etorri dira. Loiolako Santutegiaren ordutegia, Urola bailarari buruzko informazioa eta Inaziotar Lurraldearen inguruko informazioa eskatu dute, batez ere, bisitariek".

Informazio Bulegoan 130 bisitari

Herrira etorritako bisitariei herriaren eta inguruaren berri emateko beste gune bat ere izan da herrian: Informazio Bulegoa. Abuztuaren 4an zabaldu zuten Plaza Txikian eta bihar (osteguna) itxiko dute. Denera 130 bisitari izan dira bulegoan, gehienak Herrialde Katalanetakoak.