Udaleko EAJk festetarako "errespetua eta lasaitasuna" eskatu du

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 24a, 15:07

"Sansebastianetako giro bera eskatzen dugu"

Saninazioetako egitarau eskuorrian "batzuen adierazpen politikoak sartzea" ez dela egokia esan du

EAJko udal taldeak San Inazio festak "errespetuan, lasaitasunean eta bakean" pasatzea eskatu du. "Gure nahia hori dela adierazi nahi dugu", esan dute jeltzaleek. Aurtengo sansebastianak ekarri dituzte gogora: "Aurtengo sansebastianetako giroa dugu gogoan: urteetan izan diren festarik lasaienak eta baketsuenak izan ziren. Giro bera eskatzen dugu festa hauetarako ere". EAJko Udal taldeak atzo hedabideetara bidalitako oharrean egin ditu adierazpenak.

Etxeetara bidalitako saninazioetako egitarau eskuorrien inguruan ere hainbat kontu esan ditu Udaleko jeltzaleen taldeak, jaso dituzten "galderak eta zalantzak" argitu nahian. "Festak denonak dira, herria plurala da; beraz, ez zaigu iruditzen batzuen adierazpen politikoak denon programan sartzea egokia denik". Esan duenez, erabakiak Udal Festa Batzordean hartu dira eta "emaitza jakinekoa da". EAJk ezezko botoa eman zuela azaldu du.

2009ko saninazioez uztarria.com-eko webgune berezia, hemen