23 sagardogilek hartuko dute parte larunbateko sagardo lehiaketan

Uztarria.eus 2009ko uzt. 21a, 14:07

Ekitaldiz betetako Baserritarren Eguna izango da aurtengoa

Sagardogile guztien artean 3.000 botila inguru ekarriko dituzte

Baserritarren Eguna izango da larunbatean eta, ohi bezala, hainbat ekitaldi antolatu dituzte eguna ondo ospatzeko. Goizeko bederatzietatik aurrera musikarako, kiroletarako eta jateko nahiz edateko aukera egongo da.

Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere sagardo lehiaketa egingo da. Atzo (astelehena) arratsaldean aurkeztu zuten Añota sagardotegian Azpeitiko XXXVII. Sagardo Lehiaketa. Aurtengo edizioan 23 sagardogile etorriko dira herrira, eta sagardogile guztien artean 2.760 botila inguru ekarriko dituzte. 12:00etan hasiko da eta bezperan prestatzen hasitako txekor errea dastatzeko aukera ere izango dute bertara hurbiltzen diren herritar guztiek, sagardoarekin batera. Bildutako dirua hirugarren mundura zuzenduko da.

Bi epaimahai izaten ditu Azpeitiko Sagardo Txapelketak: bata, txapelketa ofizialeko epaimahaia izango da. Hauek Sagardo Elkartekoen kriterio berdinak erabiliko dituzte eta kolorea, usaina eta zaporea baloratuko dituzte. Bigarrengo epaimahaia herriko elkarte gastronomikoetako partaideek osatuko dute.

Herritarrek ere lehiatuko diren sagardoak dastatzeko aukera izango dute; 2 euroren truke eskuratu ahal izango da basoa.

Uztailak 25, Baserritarren eguna, egitaraua:

09:00 Herriko musika bandak eta Izarraitz Txistulari Taldeak, Goiz Eresia.

10:00 Ilunpe Elkartearen XXV. Pilota Txapelketa, Cesar Valverde Saria, Frontoi Txikian.

11:00

  • Eskualde mailako ganadu erakusketa eta txapelketa.
  • XI. Gazta Lehiaketa, Idiazabal jatorri deituraren barne dauden artzain gaztak parte hartu ahal izango dute.
  • Errekor 'Guinness'-erako saioa. Julio Aranburuk soka saltoan 30 minututan 5.400 salto, segundoko 3 salto. Ondoren, minutu batean 240 salto, segundoko 4 salto.
  • Loraldi 09, sari banaketa.

12:00

  • XXXVII. Sagardo Lehiaketa Plaza Nagusian.
  • Sebastian Lizaso, Jokin Uranga eta Beñat Lizaso bertsolariak, Iturbide eta Laja trikitilariak eta dultzaineroak, plazan.

18:30

  • Desenkajonamentua, zezen plazan.
  • Arratsaldean, Baigera elkartekoek eta Gaztetxekoen kantu poteoa, herriko kaleetan zehar.

19:30

'Herriko txaranga'-ren musika, kaleetan zehar.

22:00

Seiren Taldearen kontzertua, Plaza Nagusian.