Familia, prebentzioaren oinarri

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 17a, 13:07

Uda garaian droga kontsumoa hazi egiten dela-eta, familiak informatzeko kanpaina jarri du abian Udalak

Nola egin aurre drogazaletasunaren arazoari familiatik? programak hiru fase ditu

Uda eta festa giroa eskutik etorri ohi dira, eta horien ondotik, askotan, baita drogak ere. Hori dela eta, Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek Nola egin aurre drogazaletasunaren arazoari familiatik? kanpainaren bigarren fasea abiarazi berri dute. Fase honetan, eskuorri bat banatu diete 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoen gurasoei, gaur egun kalean dauden drogei buruzko informazioarekin, deskribapenekin eta eraginekin. Informazio hori bera ikus daiteke Azpeitiko Udalaren webgunean, www.azpeitia.net helbidean.

Urterik arriskutsuenak

Kanpaina 12 eta 18 urte bitarteko gazteen gurasoei zuzenduta dago, "adin hori baita drogak kontsumitzen hasteko adinik arriskutsuena". Familiaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute Udaleko Gizarte Zerbitzuek. Euren ustez, familia drogazaletasuna prebenitzeko agente garrantzitsua da: "Familiak babeserako eremua izan behar du eta lan ona egin dezake, ondo informatuta badago".

Sarri uste da familia gaztearen arerio nagusia dela, baina ez luke hala izan behar. Familia drogen aurka egotea ez da nahikoa, gazteak jarrera horren arrazoiak barneratzen ez baditu: "Drogak txarrak direla ulertu behar du gazteak, baina ez familiak dioenari kasu egiteagatik, drogek bere osasun fisikoa eta mentala kaltetu ditzazketelako baizik".

Bestalde, Gizarte Zerbitzuen ustez, udako denboraldia garai egokia da kanpainaren bigarren fase hau martxan jartzeko, "festa ugari izaten baita eta data horiek izaten baitira drogak kontsumitzeko aproposenak".

Horren harira, hilaren amaierako San Inazio jaiak direla-eta, uztailaren 30ean eta 31n Olazko Amaren Plazan alkoholemia proba egingo diete hala nahi dutenei.

Hiru faseko programa

Nola egin aurre drogazaletasunaren arazoari familiatik? programak hiru fase ditu. Lehena Pertsonari buruzkoa izan zen, bigarren hau Substantzian zentratu da eta hirugarren fasean, Ingurua aztertuko dute. Gainera, datorren ikasturtean ere lan egingo dute ikastetxeetan drogazaletasuna prebenitzeko eta gazteei drogei buruzko informazioa emateko.