Osamenekoek prentsatik jakin dute Baigerara doazela

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 10a, 11:07

Osamen eguneko zentroa gaur egun Jesus eta Maria komentuan dago. (Nerea Uranga)

Gipuzkoako Foru Aldundiak zentroa tokiz aldatzeko asmoa zuela bazekiten, baina kokaleku zehatzik gabe

Osamen eguneko zentroa Jesus eta Maria komentuan egon da orain arte

Buruko gaixotasunak dituztenen birgaitze eta asistentzia psikosozialerako Osamen eguneko zentroko erabiltzaileek eta langileek prentsan irakurrita jakin dute Jesus eta Maria komentutik Baigerako eraikinera aldatuko dituztela. Azpeitiko zentroko arduraduna den Saioa Garcia de Andoinek dioenez, "zentroa tokiz aldatzeko asmoaren berri zerbait bagenekien, baina nora aldatuko zuten ez. Prentsa irakurrita jakin dugu Udalean tokiz aldatzeko erabakia hartu dutela. Prentsan berria irakurri dugunean nahiko harrituta gelditu gara".

Osameneko langileak lau hilabetez lan baldintzengatik greban egon dira, eta ekainaren 15ean itzuli ziren lanera. Zentroko arduradunak dioenez, "greban geunden bitartean, grebaz hitz egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera bat eduki genuen eta han Osamen zentroaren egoeraz galdetu nuen. Orduan zentroa lokalez aldatzeko asmoa zutela esan zidaten, baina ez nora aldatuko zuten".

Gaur egungo tokian gustura

Gaur egun dauden tokian "gustura" daude: "Bere alde onak eta txarrak ditu, baina gustura gaude. Negutegi bat dugu. Erabiltzaileek erre nahi badute kanpoan tokia dute horretarako. Orain, udan, kanpoko igerilekura joaten gara... Eta zerbait egin behar dugunean mugitu egiten gara".

Baigerako lokala oraindik ez dute ezagutzen eta toki horrek izan ditzakeen abantailak ere ez dakizkite. Baina tabernak gertu izatearen beldur dira.

Osamen eguneko zentroak 22 lagunentzako tokia du eta gaur egun 20 erabiltzaile ditu: Azpeitikoak, Azkoitikoak, Zumaiakoak, Zarauzkoak, Zumarragakoak eta Eibarkoak. Hiru langilek egiten dute lan bertan. 2001ean ireki zuten zentroa eta ordutik lokala Jesus eta Maria komentuan du, alokairuan. Gipuzkoako Foru Aldundiarena da zentroa, eta Agifesek kudeatzen du.