EAJk aitortu du "Udalaren kudeaketan arazo larriak" daudela, baina ez du jarrera aldatuko

Uztarria.eus | Udala
2009ko eka. 27a, 12:06

Jeltzaleen herriko zuzendaritzak dio oposizioak "Azpeitia paralizatzeko eta EAJ barregarri uzteko" estrategia duela

Legealdia bukatu arteko bi urteak "zailak eta korapilotsuak" izango direla iragarri du

EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren agiria osorik, albistean

EAJko herriko zuzendaritzak aitortu du "Udalaren kudeaketan arazo larriak" daudela, "eta nahasmendua herritarren artean", baina jakinarazi du orain arteko "jarrera tinko eta kontsekuentea" izango duela legealdia bukatu arte. Alderdi jeltzalea alkatetzan dagoen arren, gutxiengoan dago Udalean, eta oraintsu, adibidez, oposizioaren udal aurrekontuak onartu dituzte.

Hain zuzen, oraintxe bete da legealdiaren erdia, eta jeltzaleek gaur (larunbata) hedabideen artean banatutako agiriak dio hurrengo bi urteak "zailak eta korapilotsuak" izango direla, "irtenbidea erraza" dela iruditzen bazaie ere.

Ohi bezala, ezker abertzaleari, EAri eta Aralarri leporatu die egoera, joan den urtarrilaren 17az geroztik oposizioan daudenetik ere "bat eginda" daudelako EAJren ustez, "udal gobernu berria blokeatzeko eta eraisteko. Estrategia garbi bat dago: Azpeitia paralizatzea eta EAJ barregarri uztea".

Urtarrilaren 17 hartan Iñaki Errazkin alkatearen aurkako zentsura mozioa aurrera atera zuen EAJk, EAko zinegotzi baten babesarekin, eta "buru normal batentzat erabat ulertezina dena gertatu zen Azpeitian. Izan ere, mozioa aurrera ateratzeko aukera eman zuen zinegotziak berak, bere botoaren aurkako jarrera hartu zuen, bat eginez bere alderdiko kidearekin, EAE-ANV eta Aralarrekin".

EAJk berretsi egin ditu zentsura mozioa aurkezteko arrazoi eta argumentuak. "Herri honen duintasuna gorde nahi izan genuen, Inazio Uria azpeitiarraren hilketa kondenatzeko balorerik eta jarrerarik izan ez zutenak kenduz alkatetzatik".

Azpeitiko EAJren agiria

Gaur berriro egingo genuke

"Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak berretsi egiten du duintasun arrazoiengatik Zentsura Mozioa sartu izana.

Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak, berriro ere, indarkeria gaitzetsi egiten du eta bizitzeko eskubidea eta ideien pluraltasunari errespetua defenditzen ditu, eta bide batez, une hauetan berretsi egiten ditu joan den urtarrilaren 17an EAJ-PNV zentsura mozioa aurkeztera eraman zuten arrazoi eta argumentuak.

Herri honen duintasuna gorde nahi izan genuen, Inaxio Uria azpeitiarraren hilketa kondenatzeko balorerik eta jarrerarik izan ez zutenak kenduz alkatetzatik. Gure mozioak EAko zinegotzietako baten babesa izan zuen, eta hori aski izan zen tramitea betetzeko. Baina gero oposizioko hiru alderdiek –EA barne– berriro ere bat egin zuten, hiruren artean, sortu berria zen udal-gobernu berria blokeatzeko eta eraisteko, eta horrela gaur arte...

Oposizioak sortu digun dezepzioa

Buru normal batentzat erabat ulertezina dena gertatu zen Azpeitian. Izan ere, mozioa aurrera ateratzeko aukera eman zuen zinegotziak berak, bere botuaren aurkako jarrera hartu zuen, bat eginez bere alderdiko kidearekin, EAE eta Aralarrekin, EAJ-PNVren aurka, alderdi honi eman zionean EAE-ANVko alkatea kentzeko botoa. Une horretatik aurrera, EAJ-PNVren udal-gobernuaren aurkako blokeoa areagotu egin da eta Azpeitiaren garapenerako eta herritarren elkarbizitzarako garrantzi handi-handikoak diren hainbat arazo, irtenbide erraza luketenak, bat-batean konpondu ezineko arazo bihurtu dira, oposizioan dauden hiru alderdien eskutik.

Jarrera faltsuak salatzen ditugu

Ez digute balio Inaxio Uriaren hilketaren ondoreneko uneetan oposizioko hainbat zinegotzik erakutsitako jarrera hutsalak, ezta une haietan bizi genuen tentsio handiko egoera hartatik irteteko EAko zinegotzi batek emandako botoak ere.

Lehenengo unetik EAJ-PNVk erakutsi zuen jarrera tinko eta kontsekuenteak bakarrik balio digu, eta jarrera hori mantenduko dugu, tinko, legealdiaren amaierara arte, bizitzeko eskubidearen eta duintasunaren alde egindako gure defentsa garesti ordaindu beharko badugu ere.

Hau da EAJ-PNVren diagnosia

Udalaren kudeaketan arazo larriak daude, eta nahasmendua herritarren artean. Oposizioan dauden alderdien aldetik estrategia garbi bat dago: Azpeitia paralizatzea eta EAJ-PNV barregarri uztea. Egunero-egunero somatzen eta jasaten dugu hori. Beren asmoetan bi aukera egon daitezke: Azpeitia paralizatzea zentsura mozio bat aurkezteko beren alde, edota Azpeitiaren paralizazioa beren trofeo nagusi moduan aurkeztea, EAJ-PNV jarriz biktima moduan, 2011ko udal hauteskundeen kanpainarako...

Gure erabakiari tinko eutsiko diogu

Gauzak horrela baldin badaude ere, Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak berretsi egiten ditu aurkeztu zuen mozioaren oinarrian zeuden jokabide humanista eta etikoak, eta samintasunez bada ere, baina tinkotasunez, derrigorrez onartu beharrean da gaur eguneko egoeratik sor daitezkeen ondorio politiko larriak. Atzerapena da herria aurrera eramateko planetan, baina Azpeitiko herriari itzuli egiten dio merezi duen duintasuna.

Baikor gara etorkizunaren aurrean

Bi urte zail eta korapilotsuak ditugu aurrean, legealdia amaitu arte. Erraza izan behar lukeena, badakigu korapilotsua izango dela, orain baino zailagoa gainera. Historiak eskatuko dizkie erantzukizunak dagozkienei, galdutako denboragatik eta Azpeitiko herriari eta herritarrei sortutako sufrimenduagatik... Gure aldetik, gure erantzukizuna hartzea bakarrik dagokigu, urtearen haseran aurkeztu genuen zentsura mozioa berrestea eta ahal dugun guztia eta gehiago emango dugula hitz ematea publikoki, bide batez Azpeitiko herritarrei ulertzeko eta laguntza emateko eskatuz".

Bidali:  

Erantzunak

bi | 2009-06-29 : 08:06

NON DAGO JON???
Zein da zuen erantzun duine honen aurrien?
Eta nahikue ez dala pentsatuko balute oposiziokuek... ze in ber debe zentsura moziue sartu zuei ere?
PANELAK daude herriyen oposizioari esker martxan jarri dien proiektu desberdinekin, asteburuen ikusi ditut plazan...
ez du ematen oposizioa denik herriye paralizatzeko borondatie dakena.

nekane | 2009-06-29 : 09:06

Oposizioak herria paralizatu nahi duela?
Nola esan liteke hori, aurrekontuetan herriaren etorkizunerako proiektu oso interesgarriei bide eman dietenean?
PNV izan da proiektu guzti horiei aurrekontuetan ezezkoa eman diena!
Lotsagabe zikinak!

JoxeJoxe2 | 2009-06-29 : 09:06

Uztarriari,
Nere ustez titularra oso gaizki jarria dago. "aitortu du" izan ordez " salatu du" izan behar luke.
Uste det uztarriak ez lukeela hain nabarmen batzuen alde eta beteen kontra egin behar.

JoxeJoxe2 | 2009-06-29 : 10:06

txikia,
Kuestioa ez da zeinen ardura dan, zer esan duen baizik.Ardura batena edo bestearena den, hori interpretazio kontua da, ta nere ustez uztarriak ez luke hori hain nabarmen baten alde eta bestearen aurka egin behar.
Testu osoa irakurrita argi dago salaketa gehiago dela bere erruen onarpena baino. Ta uztarriaren titularra irakurrita alderantziz dirudi.
Onargarria da zuk ardura PNVrena dela esatea,baina uztarriak hori esatea nabarmen alde baten alde egitea iruditzen zait. Uztarriak egiten duen ekarpena haundia da, baina Azpeitian erreferentzia izan nahi badu hobeto zaindu behar ditu detaile horiek.

txikia | 2009-06-29 : 10:06

Salatu du, JoxeJoxe2? Beaien ardurie izangoaba gobernabilidadie garantizatzie,ez? minoriyen gobernatzen jartzean eozeinek umildade gehiokin jokau behar duela iruitze zait...oposiziyuekin akordiyuek eiten saiayaiez...eta PNVk eztauke hortako borondate handik...

txikia | 2009-06-29 : 11:06

Ez nago ados... EAJ-k juxtu onartu egin duelako arazo larriak daudela, gero horren errua oposizioari botatzeko. Notizia ondo dago emana, nire ustez.

jozu | 2009-06-29 : 12:06

Zentsura mozioak ondorio larriak ekarri dizkio azpeitiko herriari:
1-Azpeitiko herriari duintasuna itzuli? Inoiz galdu ote du bada herriak duintasuna? Itzuli, itzuli... boterea bai itzuli zion zentsura mozioak PNVri.
2- Zentsura mozioak ez du aldatu azpeitiko errealitate sozio-politikoa. Ez eta alderdien arteko indar korrelazioa azpeitia eraikitzeko bideari dagokionez behintzat.
3-ANV-EA-Aralar udal gobernuarekin udala ondo ari zen azpeitia eraikitzeko lanean. Orain PNVk bere bidea inposatu nahi du, gutxiengoan egonda ere. Hori da arazoa!
4-ANV-EA-aralar izan dira oposiziotik aurrekontuak onartu eta azpeitirako proiektu garrantzitsuei bide eman diena. Zer paralizatu dute? PNVren bidea ala azpeitiaren eraikuntza?
5- Bitartean PNVk diru publikoa eta udaleko bitartekoak erabiltzen ari da. Bere propaganda egin eta ezker abertzalearen bazterketa politikoa bilatzeko. Nola uler daiteke Azpeitian zer udal aldizkarian aurrekontuetan onartutako proiektuen berri ez ematea eta bai udal gobernuaren prentsaurrekoa? nola uler daiteke udaleko langileak erabiltzea ezker abertzalearen propaganda eta kritika politikoa kentzeko?

erdikalekue | 2009-06-29 : 14:06

zentsura mozioak ekarri duen onena, alkatetzatik, hiltzayiek defendatzeitun tipo bat kentzie izen da... herriko bat defendau bñ lenuo hiltzayiek defendatzeitun tio batek ezindik eon alkate bezela... oi dek onena gertau dekena.

argoila | 2009-06-29 : 15:06

Herria paralizatu?
Nik dakidanez udal aurrekontuak aurrera atera dira oposizioari esker. Eta hamaika proiektu ahalbidetu ditu oposizioak. Kezkagarria da ordea beraiek proiektu hauek ezkutatzea ( Azpeitian zer aldizkarian ez dute aipamenik egiten ). Beraz nork nahi du hemen herria paralizatzea? Mesedez!

Anam | 2009-06-30 : 10:06

EAkuei anormalak deitu die PNVk praktikamente ""Buru normal batentzat erabat ulertezina...")

ezgeratuixilik | 2009-06-30 : 17:06

Irakurri duzute zer esan dun EUROPAKO AUZITEGI NAGUSIAK, eta gainera denak ados, ba ni ere bai beraiekin, aukeratu pistolak edo botoak, gaurko europan ez daukazute lekurik.

Anam | 2009-06-30 : 18:06

Barkau ezgeratuixilik: zenen pistolak?

ezgeratuixilik | 2009-07-01 : 09:07

Anam, etzak tonto papela egin, nork erahil zuen Inazio Uria adibidez, eta mesedez ez hasi orain hemen, orain dela 25 urteko rolloekin, Lasa ta Zabala eta abar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu