Iniziatiba Internazionalistako bi apoderatu identifikatu ditu Ertzaintzak Azpeitian

Uztarria.eus 2009ko eka. 7a, 21:06

Euskal Herria auzoko hauteskunde-gune batean izan da gertaera, Jon Anza desagertuaren pegatinak zituztelako

PSE-EEko kide batek eman die abisua ertzainei, Europako bozetako hautagaitzako kideek diotenez

Ertzaintzak gaur (igandea) Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna Europako Legebiltzarrerako bozetako hautagaitzako bi azpeitiar apoderatu identifikatu ditu herrian, Euskal Herria auzoko hauteskunde-gune batean, Non da Jon? pegatinak zituztelako.

Iniziatiba Internazionalistak uztarria.com-i jakinarazi dionez, Manoli Uranga PSE-EEko kideak eman die abisua ertzainei, eta horiek ondoren joan dira identifikazio lanak egitera. Hautagaitzako bi apoderatuek pegatinarekin segitu ahal izan dute.

Apirilaren 18az geroztik ez dago Jon Anza (Donostia, 47 urte) preso ohi eta euskal militantearen berririk, desagertuta dago. Ahetzeko (Lapurdi) bizilaguna egun hartan Baionako geltokian Okzitaniako Tolosara joateko trena hartzekoa zen. Geroztik, senideek ez dute haren albisterik.

ETAk duela aste batzuk ohar baten bidez jakinarazi zuen bere kide batzuekin hitzordua zeukala hark Tolosan, eta ez zela azaldu.

Anza 21 urtean preso egon zen Espainiako kartzelatan, ETAko kidea izateagatik, eta duela sei urte utzi zuten aske. Datorren larunbatean kasua salatzeko manifestazio nazionala egingo dute, Donostian.

Azpeitiko gaurko gertaera gaitzetsi egin du Iniziatiba Internazionalistak. Ertzaintzak, Espainiako eta Frantziako poliziekin batera, euskal militante haren desagerpena ikertu beharrean, hori salatzen eta argitzeko eskatzen dutenak jazartzen dituela diote hautagaitzako kideek. Desagerpena "gerra zikintzat" jo dute.