Igeriketa eta tenis ikastaroak antolatu dituzte uztailerako

Uztarria.eus 2009ko eka. 4a, 13:06

Ikastaroak 7 eta 14 bitarteko neska-mutilei zuzenduta daude

Gazteentzako sexualitateari buruzko saioak ere antolatu ditu Udalak

Udal igerilekuak 7 eta 13 urte bitarteko neska mutilei zuzendutako igeriketa ikastaroa antolatu du uztailerako. Ikastaroa egunero emango dute, asteartetik ostiralera, 09:30etik 10:30era, uztailaren 1etik 24era arte.

Antolatzaileek adierazi dutenez, ikastaroa abian jartzeko 8 lagunek izena eman behar dute gutxienez, eta 12 lagunena izango da gehiengo kopurua. Izen emateak igerilekuan egin behar dira eta ekainaren 24a izango da horretarako azken eguna. Kirol Patronatuko bazkideek 44 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkideak ez direnek, aldiz, 77 euro.

Tenisa ikasteko aukera

Igeriketa ikastaroaz gain, tenis ikastaroa ere martxan jarriko dute uztailean. Azpeitiko kirol gune berrian izango da, 9 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat. Bi txanda egongo dira ikastaroa egiteko: ekainetik 29tik uztailaren 10era arte eta uztailaren 13tik 24era. Ikastaroa egiteko hiru ordu daude aukeran: 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan.

Taldeek 10 lagun gehienez eta 6 gutxienez eduki beharko dituzte eta raketak norberak eraman beharko ditu. Bazkideek 36 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez bazkideek 60 euro. Ikastaroan parte hartu nahi duenak dagoeneko izena emateko aukera du, Igerilekuan.

Gazteentzako sexualitate saioak

Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak eta Emakumearen Mahaiak gazteei zuzendutako sexualitateari buruzko saioak antolatu ditu. Lehen saioa etzi da, 10:00etatik 13:00etara, Sindikatu Zaharrean. Bigarren saioa, berriz, hilaren 13an izango da, ordu eta leku berdinean. Libe Yurrebasok gidatuko ditu saioak.