Lagun Onak-ek azken unean galdu du Bigarren B Mailara zuzenean igotzeko aukera

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 30a, 21:05

Hamar minutu falta zirela 4-1 ari zitzaion irabazten Torrelavegari, baina gero bi gol jaso ditu, 4-3koa luzapenean; joanekoan 1-0 egin zuten

Azpeitiko taldeak beste bi kanporaketa izango ditu igotzeko; astelehenean jakingo du zein izango duen lehen aurkaria

Albiste honen argazkiak ikusteko klikatu hemen

Partidako laburpenaren bideoa (Torrelavegakoen webgunetik hartua, gaztelaniaz)

Eskuan zeukan Lagun Onak-ek Espainiako Bigarren B Mailarako txartela, kanporaketako itzuliko partida bukatzeko hamar minutu falta zirela 4-1 irabazten ari baitzitzaion Torrelavegari (orduan egin du laugarren gola), baina 89. minutuan 4-2koa jaso du eta 93.ean 4-3koa, penaltitik. Hala bukatu da partida eta, beraz, emaitza horrekin ez da zuzenean igoko, joanekoan 1-0 galdu zuelako Torrelavegan. Kanporaketan berdinketa kasuan (launa egin dute), kanpoko golek balio bikoitza izaten dute.

Torrelavega zuzenean igoko da Bigarren B Mailara. Lagun Onakek beste bi kanporaketa izango ditu igoera lortu ahal izateko; astelehenean izango da zozketa, 16:30ean, Madrilen, eta orduan jakingo du zein izango duen lehen aurkaria.

Bikain ekin dio Azpeitiko taldeak gaurko (larunbata) partidari, 30. minuturako 3-0 irabazten zihoalako. Alex Altolagirrek egin du 1-0eko gola, 11. minutuan, bigarren zutoinean errematea eginda; Arruek 2-0ekoa, 14.ean, area barruan soltean geratu den baloia baliatuz; Unai Etxeberriak 3-0ekoa, 33.ean, buruz korner batean.

Handik bi minutura, ordea, Torrelavegak 3-1ekoa egin du; Nandok.

Bigarren zatiko 35. minutuan Altolagirrek sartu du 4-1ekoa, penaltiz. Gero, kolpea.

"Pena" zeukan bukaeran Aitor Zulaika Lagun Onakeko entrenatzaileak, "taldeak egin duen partida txapela kentzeko modukoa izan delako. Jokalariak lur jota daude, baina burua altxatu beharra dago. Talde honen meritua izugarria da". Euskadi Irratian egin ditu adierazpen horiek.

Aukera historikoa zeukan gaur Lagun Onakek, eta egundoko giroa izan dute Garmendipen. Izan ere, zelaia lepo egon da (2.400 ikusle sartzen dira). Torrelavegatik (Kantabria, Espainia) mila jarraitzaile etorri dira.

Azpeitiko taldea ez da inoiz egon Bigarren B Mailan. 1944an sortu zuten kluba eta aurten arte 1980-1981ean lortu zuen sailkapenik onena: bosgarren Hirugarren Mailan. Aurten aurreneko tokian bukatu du Hirugarren Mailako bere multzoan.

Eguerdian, klubean izandako presidenteak omendu dituzte.