Bistaeder eguneko zentro berriak hamar lagun gehiago hartzeko tokia du

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2009ko mai. 29a, 09:05

Zentroak 503.167 euroko aurrekontua izan du eta Foru Aldundiak kopuru horren zati handi bat ordainduko duela agindu du

Atzo (osteguna) egin zuten inaugurazio ekitaldia

Goiko argazkian, Bistaeder eguneko zentroaren erabiltzaileetako batzuk atzo (osteguna) inaugurazio ekitaldian. Bigarren argazkian, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko ordezkariak. Hirugarren argazkian, gitarra taldekoak eta Ba  Argazki originala

Bistaeder eguneko zentro berria Aste Santurako estreinatu zuten bertako zerbitzuak erabiltzen dituztenek, baina atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia. Damaso Azkue auzoan dagoen zentro berria lehengoa baino handiagoa da; jende gehiago hartzeko tokia du. Beheko solairu batean dago eta erosoagoa da. Gainera, behar desberdinak dituzten pertsona gehiago hartzeko gaitasuna dauka. Beraz, lehen Enparan kalean zutenarekin alderatuta, abantaila ugari du, arduradunek atzo esan zutenez.

Eguneko zentro berriak 503.167 euroko aurrekontua izan du eta hasiera batean kostua Udalak hartu du beregain. Baina, atzo Maite Etxaniz diputatuak esan zuenez, %75a Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko du. 484,81 metro koadro ditu eta 40 lagun hartzeko prestatuta dago; lehen baino hamar lagun gehiago, hain zuzen.

Eguneko zentro berria Damaso Azkue auzoan egitea legealdi honetan erabaki zuten, baina aurreko Udal Gobernuak sustatuta.

Musikarekin eta abestuz, bertakoen parte-hartzearekin egin zuten inaugurazio ekitaldia atzo. Han izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Etxaniz, Azpeitiko alkate Julian Eizmendi eta Udaleko oposizioko alderdietako ordezkariak, besteak beste. Gitarra taldeak eta Baigera Jubilatuen Elkarteak ere parte hartu zuen ekitaldian. Baigerakoek opari bat ere egin zien eguneko zentrokoei. Baigerako Maria Jesus Arregik eman zion oparia eguneko zentroko zaharrenari, 98 urte dituen Joxepa Odriozolari.

Atzo Julian Eizmendi alkateak azaldu zuenez, 1996an lehenbiziko eguneko zentroa zabaldu zenetik plazak hirukoiztu egin dira: "Lehen eguneko zentroak 12 lagun hartzeko tokia zuen eta oraingoak 40". 40 horietatik astegunetan 36 eta asteburuetan 26 plaza daude Foru Aldundiarekin hitzartuta. Eizmendiren arabera, "nahiz eta krisian egon, administrazioaren helburua gehien jasaten dutenak babestea da, tartean beharrean dauden adineko pertsonak".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu