Lorez apaindutako balkoi eta leiho dotoreenak sarituko ditu Udalak

Uztarria.eus 2009ko mai. 14a, 11:05

Loraldi lehiaketa jarri du abian; hiru sari emango dituzte

Lehiaketan parte hartzeko etxeko leiho eta balkoiak lore, igokari eta bestelako landarez janztea nahikoa da

Azpeitiko Udalak, Loraldi balkoi eta leiho lehiaketa 2009 jarri du abian. Udaberri eta uda hasieran euren balkoi eta leihoak ondoen lorez jantzi eta apaindu dituzten herritarren ahalegina saritu nahi dute. Bestetik, antolatzaileen arabera, lehiaketaren beste helburuetako bat "naturarekiko gertutasuna berreskuratzea da, landareekiko errespetuzko jarrerak berpiztea eta aldi berean norberaren etxea eta gure herriaren txoko ezberdinak dotorezia eta kolorez janztea da".

Loraldi lehiaketan parte hartzeko etxeko leiho eta balkoiak lore, igokari eta bestelako landarez janztea nahikoa da. Apaintzeko moduan ez da inongo mugarik ezarriko, "norberaren irudimenarenak soilik", adierazi dute antolatzaileek. Baina uztailerako loreek euren oparo aldien egon beharko dute, "epaimahaiak interesgarrienak aztertu eta baloratu ahal izateko".

Erakusketa

Uztailaren 6tik 10era egingo du aukeraketa epaimahaiak. Uztailaren 13tik 22ra aukeratutako balkoi eta leiho horien argazkiekin erakusketa bat egingo da, herritarrek euren gustukoenari botoa emateko aukera izan dezaten. Guztien iritziak bildu ostean, irabazleen izenak uztailaren 25ean ezagutuko dira.

Hiru sari emango ditu Udalak: balkoi edo leiho berritzaileenari, tradizionalenari eta herritarren saria. Guztientzako sari berdina izango da: bi lagunentzat nekazal etxe batean gau bat eta egun beteko pentsio osoa, edo aurrekontu berarekin herriko lore denda batean erosketak egiteko bale bat.