Pedro Costa Morata: "Izatez akatsik gabea den energiaren aurka egitea trauma da ekologistentzat"

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 11a, 18:05

Pedro Costa Morata (OLATZ PRAT)

Gazumeko zentral eolikoa dela-eta hitzaldia eman zuen Azpeitian joan den ostiralean

Urola Kostako Hitza-k elkarrizketa egin dio Espainiako 2008ko Ingurumen Saria eskuratu zuen irakasle ekologistari

Pedro Costa Morata (Aguilas, Murtzia, 1947) Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko irakasle da eta 2008ko Ingurumen Saria eskuratu zuen. 70ko hamarkadatik gaurdaino mugimendu ekologistako eredu bilakatu da. Gazumeko zentral eolikoa dela-eta, hitzaldia eman zuen atzo (2009-5-6) Azpeitian, Realidad, crítica y ficción de la energía eólica izenburupean.

Zein dira bada energia eolikoaren errealitatea eta fikzioa?

Hitzaldian energia eolikoaren esanahi tradizionala eta esanahi naturala zein diren azaldu dute, eta baita, orokorrean energien eta zehazki eolikoaren gainean eratzen joan den mitologia ere. Nire garaietan, mugimendu ekologista sortu zenean energia alternatibo deitzen genien, eta alternatiboak ziren gizarte desberdin batean irudikatzen genituelako. Baina gizarteak berdina izaten jarraitu du, gero eta gogorragoa. Hori dela eta, pixkanaka-pixkanaka, alternatibo kontzeptua berriztagarri kontzeptuan bilakatzen joan da. Orain inork ez du esaten energia horiek alternatiboak direnik eta horrek bi gauzatara garamatza: alde batetik, energia horrek jada ez duela zerikusirik arlo sozialarekin eta bestalde, berriztagarri hitzak energia horiek amaitezinak direla pentsatzera garamatza, eta hori ez da egia.

Eta zein da energia eolikoari egiten zaion kritika?

Kritika nagusia kontsumo ereduari egin behar zaio. Greenpeace erakundeak orain gutxi zioen posible dela estatu guztia energia eoliko bidez elikatzea. Izugarria iruditu zitzaidan. Eta neure buruari galdetzen nion: posible ote da ordezkapenetik pasatu ez izana? Irtenbidea aurrekoa ordezkatzen duen energia bat topatzea dela sinestea posible ote da? Astakeria hutsa da muturreko egoera batean energia nuklear guztia energia eoliko edo eguzki-energiarekin ordezka dezakegula pentsatzea. Arazoa ez da energia, arazoa eredua da, eta funtsezkoena gutxiago kontsumitzea da eta ez bata bestearengatik ordezkatzea. Gero eta energia gehiago kontsumitzea sostengaezina da, nahiz eta eolikoa izan. Azkenean, izatez akatsik gabea den energia bati azkenean aurre egin behar diogula ikusi behar da. Eta hori trauma bat da ekologismoarentzat. Kanpotik esaten digute ez al ginen bada trenaren aldekoak, eolikoaren aldekoak eta abar. Noski baietz, baina super-trena ez da trena, lurraldearen suntsiketa da. Horrek ez du ez hanka ez bururik.

Leku bakoitzera moldatu beharko al lituzkete proiektuak?

Noski, teknologiak geografia ezeztatzen duela uste dugu. Duela asko hasi nintzen hau guztia kritikatzen. Energia eolikoa industriaren esku utziz gero, erraldoiak egingo dituzte, ez dakite moldatzen, ez dituzte toki bakoitzaren ezaugarriak kontutan hartzen. Ez dute esango "bailara honetako energiaren arazoa konponduko dugu eta beste bailara horrekin lotuko dugu", edo "bi jauzi elektriko txiki eguzki-planta batekin eta aerosorgailu batekin konbinatuko ditugu". Ez, 100mw sortzeko leku hoberena topatuko dute. Eredu kapitalistak inbertsioak, teknologia eta geografia kontzentratzera egiten du, gehienezko etekin ekonomikoa lortzeko.

Gazumekoa Interes Komunitarioko Lurraldea da. Zein kasutan hautsi daiteke arau hori?

Izugarria da, IKL hauek egundoko asmakizuna dira! Azkenean salbuespen guztiak onartzen dira. Inpaktu azterketa bat egiten da, nahi bezalakoa ez bada, behin zentrala egindakoan zuzenduko dira okerrak eta azkenean ez da natura babesteko inolako kriteriorik jarraitzen. Eta babestutako toki batean eraikiko badute, galdetu beharko genukeena da zertarako balio duen babesteak. Hau instalazio industriala da, energia ekoizten da bertan, saldu eta etekin ekonomikoa ematen duen energia. Bi gauzak bateragarriak direla kontsideratzen badugu, ez dugu natura babesten eta, gainera, ez dugu hasiera batean hobea zen garapen eolikoa aurrera eramaten.

Zeintzuk dira energia eolikoaren desabantailak?

Energia eolikoak elektrizitatea soilik sortzen du, ez du berorik sortzen edo zenbait gauzatarako behar den lurrunik. Berdin gertatzen da energia nuklearrarekin, honek ezin du ibilgailuen arazoa konpondu eta petrolioak bai. Baina, negozio errentagarria da, laguntzak ematen baitituzte zentralak eraikitzeko eta urte gutxitan amortizatzen da.

Zein da orduan irtenbidea?

Gutxiago kontsumitzea, krisia aprobetxatuz. Etxeko bonbilak aldatuta hamar urtean instalatutako energiaren potentzia erdira jaitsi daiteke eta ez litzateke inolako aerosorgailurik beharko. Edo telebista itzaliz eta gehiago irakurriz. Kontsumo eta ekoizpen ereduak aldatu behar dira.

Posible al da horrelako proiektu bat herritarren ekimenarekin gelditzea?

Noski baietz, erronka handiagoak lortu dira! Espainian 37 zentral nuklear ipini behar zituzten eta 8 daude. Horrelakoak egin dira. Emaitza onenak ematen dituena zalaparta eder bat da, eta prozesu guztian zehar konstantea izatea, helegiteak aurkeztea, behin eta berriz ezetz esatea. Jendeaz gain, Udalak aurka egotea eta lizentziarik ez ematea lortzen bada, asko dago irabazita. Egia da, erkidegoen estatu antolaketarekin presentzia galdu dutela, baina, berebiziko garrantzia dute udalek.