Gazume bakean utzi

Juan Mari Beldarrain (Eguzkiko kidea) 2009ko api. 29a, 19:04

Egunotan, harriduraz eta amorruz, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak eta Orisol enpresak Gazumen egin nahi duten astakeriaren berri izan dugu. Han goian, hamabost haize-errota jarri nahi dituzte. Horietako bakoitzaren zutoina 71 metro garai izango da, eta 3,5 metroko diametrokoa. Hegalak, berriz —haize-errota bakoitzeko hiru—, 25 metrokoak izango dira luzean.

Horretarako, bi bide berri ireki nahi dituzte. Bata, Iturriotz eta Gazume bitartean, Leizeberritik barrena. Bi kilometro baino gehiago izango ditu luzean, eta 7 metro zabalean. Izan ere, tona askoko kamioiek erabiliko dute. Beste bidea, berriz, hiru kilometrokoa, Gazume bertan egiteko asmoa dute, Aketegi eta Mendi Beltzatik barrena. Bigarren bide horrek haize-errotak lotuko lituzke.

Gazumen sortutako energia Azpeitira eramateko 7 kilometro kable instalatuko dituzte, dorreak eta guzti, jakina.

Gazume nola geratuko den? Erabat industrializatua, bide batek aldez alde zeharkatua, hegaztientzat tranpa bihurtuko diren kablez inguratuta eta zarataz ongi hornituta (50 dezibelio baino gehiago Zelatunen).

Eta hori guztia, berebiziko balio naturalak dituelako LIC (garrantzi komunitarioko tokia) gisara sailkatuta dagoen eremu batean. Horrelako astakeriak baimentzen badira, zertarako LIC izendatu?

Proiektu hori gauzatzen baldin bada, baliotsuena ere galduko dugu: paisaia, Erniok, Zelatunek eta Gazumek osatutako paisaia, alegia, Gipuzkoako leku asko eta askotatik egunero gozatzeko aukera duguna. Beraz, hori ere galduko dugu, eta zertarako? Castilla-La Manchako Aurrezki Kutxak eta Espirito Santo Banketxeak dirua irabazteko.

Proiektu bidegabe hori txintik esan gabe onartu behar al dugu? Eguzkikook, behintzat, ez dugu isilik egoteko asmorik. Egia esan, asko dira proiektuaren kontra mugitzen hasi direnak... SEO, Lagun Onak mendi taldea, Club Vasco de Camping, Sagain... Momentuz, proiektuaren kontrako atxikimenduak biltzen eta alegazioak egiten ari gara.

Baina zerbait gehiago egin behar dugu.

Zer iruditzen zaizue kontzentrazio bat Gazumen bertan?

Gazume babestea gure esku dago. Gazume eta haren ingurua maite baduzu, zaindu maite duzun hori.