Helduen XIX. Ibilaldi Neurtua ekainaren 14an egingo dute

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 6a, 12:04

2007ko ibilaldi neurtua.

Lagun Onak-ek antolatutako probak bi ibilaldi izango ditu, 28 kilometroko laburra eta 46 kilometroko luzea

Izena emateko epea maiatzaren 22tik ekainaren 10a arte egongo da zabalik

Lagun Onak Mendi Bazkunak Helduen XIX. Ibilaldi Neurtua antolatu du datorren ekainaren 14rako, "mendizaletasunaz gain, gure herriko mendiak ezagutarazteko" helburuarekin.

2009ko ibilaldi neurtuan bi ibilbide izango dira aukeran. Ibilbide laburrak 28 kilometro izango ditu, 3.119 metroko gorabeherarekin. Goizeko 08:00etan abiatuko da eta Arauntzan, Etumetan, Lasaon, Erlon eta Xoxoten denbora kontrolak izango ditu.

Ibilbide luzea, berriz, 49 kilometrokoa izango da. Guztira, 5.378 metroko gorabeherako proba izango da. Goizeko 06:00etan abiatuta, Oinatzen, Urraki-Beizaman, Ernion, Gazumen, Lasaon, Erlon eta Xoxoten egongo dira denbora kontrolak.

Ibilaldi neurtuan parte hartuko duten mendizaleek proba hasi baino ordu erdi lehenago gerturatu beharko dute irteerara, txartela jasotzera. Horretarako, ordain agiria eta, agiria dutenek, federatu karneta erakutsi beharko dute. "Orduz kanpo badabiltza, ibilbidea utzi beharko dute", adierazi dute antolatzaileek.

Ibilaldian zehar osasun zerbitzua eta anoa-postuak izango dira. Bukaeran, parte-hartzaile bakoitzak oroigarri bana jasoko du, jatekoarekin eta edariarekin batera. Lo egiteko tokia eta dutxak Izarraitz pilotalekuan egongo dira.

Aurretik izena emanda

Izena emateko epea maiatzaren 22tik ekainaren 10a arte egongo da zabalik, Lagun Onak-en egoitzan (astelehetan, 21:30etik 22:30era), 943 025893 telefonoan edo www.lagunonakmb.org -en. Federatuek 12 euro eta besteek 15 euro ordaindu beharko dituzte.

XIX. Ibilaldi Neurtua

Ibilbide luzea: 49 km

  • Irteera: 06:00etan.
  • Oinatz: 06:30etik 07:15era.
  • Urraki Beizama: 08:00etatik 09:45era.
  • Ernio: 09:15etik 11:45era.
  • Gazume: 09:45etik 12:45era.
  • Lasao: 11:00etatik 14:45era.
  • Erlo: 12:30etik 16:45era.
  • Xoxote: 12:45etik 17:00era.
  • Enparantza Nagusia: 13:30etik 18:00etara.

Ibilbide laburra: 28 km

  • Irteera: 08:00etan.
  • Arauntza: 09:00etatik 10:00etara.
  • Etumeta: 09:30etik 11:00etara.
  • Lasao: 11:00etatik 14:45era.
  • Erlo: 12:30etik 16:45era.
  • Xoxote: 12:45etik 17:00era.
  • Enparantza Nagusia: 13:30etik 18:00etara.