Sanjosetako festa eguna ostegunean da Loiolan

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 17a, 12:03
Asto lasterketa Loiolan. (Nerea Uranga)

Loiolako jaietan tradizio handia duen asto laskerketa 13:00etan jokatuko dute santutegiaren aurrean

Arratsaldean, herri kirolaren txanda izango da

Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordeak antolatuta hilaren 7an sanjosetako biatloia jokatu zuten Loiola auzoan. Azken urteetan ohi bezala kirola eginez ekin zioten San Jose festetarako antolatutako egitarauari. Baina jai giroa bete-betean etzi iritsiko da Loiolara, ostegunean.

San Jose Eguna izanik, egun osoko egitaraua antolatu dute loiolatarrek. Goizean, haur eta gaztetxoentzako zezenak eta poniak izango dira. Ondoren, Loiolako sanjosetan tradizio handia duen asto lasterketa jokatuko dute. Loiolatarrek hartuko dute parte, ohi bezala, eta eguraldiak lagunduz gero, ikusle asko izaten ditu.

Arratsaldean, herri kirolaren txanda izango da Loiolan. Harri-jasotzaileek eta aizkolariek santutegi aurrean egingo dute saioa.

Egitaraua

Martxoak 19, etzi

  • Egun osoan. Egurrola aita-seme trikitilariak girotuko dute jaia.
  • 12:00. Zezen txikiak eta poniak.
  • 13:00. Asto lasterketa, santutegiaren aurrean.
  • 17:30. Herri kirol jaialdia. Goenatxo II.ak eta Aimar Irigoienek jardungo dute harri-jasotzen: 225 kiloko harri errektangularra, 175 kiloko errektangularra esku bakarrekin, 150 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola jaso beharko dituzte. Aizkoran, Angel Arrospidek eta Xabier Orbegozo Arria V.a-k jardungo dute, kanaerdiko hamar enborrekin.

Martxoak 21, larunbata

  • 21:00. Loiolako auzotarren afaria, Loiolatxo Elkartean. Ondoren, Elustondo anai-arrebak trikitilariekin erromeria izango da auzoan bertan.