Felix Zubizarreta: "Iraupen luzeko lana izango da; ez du zerikusirik txapelketekin"

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 26a, 12:02
Felix Zubizarreta.

Zubizarretak eta Alex Txikon aizkolariek indarrak neurtuko dituzte datorren igandean Azpeitiko zezen-plazan, 16 kanaerdiko lanean

"Diru asko dago jokoan eta beste presio bat izaten da barruan", adierazi du Zubizarretak

Zarauzko ur biltegiaren ondoan entrenatzen du Felix Zubizarreta (Azpeitia, 1972) aizkolariak, astean hiru egunez, Jesus Olaizola Agite-ren esanetara. "Zarautzera ezkondu nintzen eta nire emaztearen baserriko lursailak dira hauek. Hementxe jarduten gara aizkoran", dio Zubizarretak. Prestaketa fisikoa inoiz baino garrantzitsuago bihurtu zaio azken hilabeteetan. Izan ere, datorren igandean Alex Txikon lemoarraren aurka lehiatuko da Azpeitiko zezen-plazan, 16 kanaerdiko lanean, eta bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu jokoan. "Apustua egin dugu eta orain jokatu egin behar!".

Alex Txikonek berak bota zizun erronka irratiz, ezta?

Hala da, bai. Urtarrileko lehen astean bota zidan erronka Euskadi Irratiko Hiru errege mahaia kirol irratsaioan. Futbol partida ematen ari zirela bota zidan bat-batean. Ni zuzenean entzuten ari nintzen eta, egia esan, harrituta geratu nintzen. Ez nuen espero, inondik inora ere. Ondoren, jendeak telefonoz deitu zidan Txikonek botatakoa entzun al nuen galdezka. Nire entrenatzailearekin hizketan aritu nintzen, erronka aztertzen, eta hark animatu ninduen onartzera.

Elkar ezagutzen al zineten?

Bai, txapelketetatik-eta. Hirugarren mailako aizkolariak gara, ez gara oso ezagunak. Izen handiko aizkolariak ez garen arren, hor aritzen gara aizkoran. Txapelketetan lagunarteko giroa izaten da eta elkar hitz egin izan dugu behin baino gehiagotan. Elkarren artean nolabaiteko harremana bagenuen ere, apustuak apurtxo bat ezustean harrapatu nau.

Eta zergatik uste duzu zeuri bota zizula erronka?

Kontua da duela urtebete inguru Jabier Garitoinandia aizkolari bizkaitarrari apustua egitekotan ibili nintzela, baina hark ezezkoa eman zidan. Nik uste dut horregatik bota zidala erronka Txikonek.

Erronka onartu ondoren, apustuaren xehetasunak adostu behar izan zenituzten. Zaila izan al zen akordio batera iristea?

Azpeitian jarri genuen hitzordua, Mendizabalenean, eta hortxe jardun genuen eztabaidan. Berak kanaerdiko egurrak nahi zituen baina nik, ordea, nahiago nuen egur handiagoekin lan egin. Berak ez zuen nahi izan eta, azkenean, bere erara jokatu beharko dugu: 16 kanaerdikoetara, alegia.

Guztira, 6.000 euro izango dira jokoan; bakoitzak 3.000 euro. Kopuru hori zeuen poltsikotik jarri beharko al duzue?

Geure poltsikotik jarri beharko dugu, bai. Izan ere, guk ez dugu bazkiderik edo laguntzailerik, aizkolari handiek bezala. Hirugarren mailakoak gara, eta jokoan jartzen duguna guk geuk jartzen dugu. Edonola ere, ez zait iruditzen diru kopuru handia denik. Jendeak 12.000 euro eta 18.000 euro artean jokatzen ditu. Nolanahi ere, gure mailan diru kopuru hori baino gehiago jokatzea zaila izaten da normalean.

Data berezia aukeratu duzue aizkora proba egiteko: martxoaren 1a, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo diren eguna. Ez al zineten horretaz konturatu?

Hauteskundeak zirela jakin bagenekien, baina bioi ongi etortzen zitzaigun eguna da eta, besterik gabe, egun horretarako antolatu dugu proba. Ez zait iruditzen hauteskundeek ikusle gutxiago ekarriko dutenik jaialdira, jendeak ez dio horri begiratuko! Hauteskundeek egun osoa iraungo dute eta gurea ordubeteko kontua izango da, gutxi gorabehera.

Zer moduz joan da prestaketa?

Oso ongi. Maisuak [entrenatzaileak] esandakoa betetzen ari naiz eta prestaketa bide onetik doa. Hortik aurrera, ikusi egin beharko dugu zer-nolako lana egiten dudan igandeko saioan!

Baina txapelketak jokatzen ohituta zaude...

Bai, baina txapelketek eta halako lanek ez dute zerikusirik. Txapelketetan 10 minutuko lana egin behar izaten dugu, hau da, lauzpabost kanaerdiko lana. Apustuan, ordea, 16 kanaerdiko ebaki beharko ditugu. Iraupen luzeko lana izango da, beraz.

Norbere dirua jokoan dagoenean ere ezberdina izango da, ezta?

Bai, diferentea izaten da. Txapelketan, esaterako, irteten dena irtengo da eta kitto. Hemen, ordea, dirua jokoan dago eta horrek asko eragiten du. Beste presio bat izaten duzu barruan.

Edonola ere, lasai zaudela dirudi.

Mementoz, halaxe nago. Nik uste dut ongi prestatzen ari naizela. Entrenatzailea eta biok gustura gaude egiten ari naizen lanarekin.

Biotatik nor da faboritoa?

Biotako inor! Biok elkarren inguru samarren ibiltzen gara txapelketatan. Iaz, esaterako, hirugarren mailako Euskadiko Txapelketako kanporaketan nire aurretik egin zuen Txikonek, baina nahiko parekatuta ibiltzen gara.

Noiz ekingo diezu txapelketei?

Udan izaten ditugu, uztailetik aurrera. Aurrena Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dugu eta ondoren Euskal Herrikoa. Normalean ongi moldatzen naiz, iaz izan ezik: Gipuzkoako Txapelketako finala jokatu nuen arren, seigarren sailkatu nintzen; Euskal Herrikoan, aldiz, ez nintzen txukun jardun eta finaletik kanpo geratu nintzen. Inoiz ez dut txapelketarik irabazi, baina aurreko urtetan lan politak egin izan ditut.

Erronka

Noiz. Martxoaren 1ean, 12:30ean.

Non. Azpeitiko zezen-plazan .

Aizkolariak. Felix Zubizarreta eta Alex Txikon. Bakoitzak bi laguntzaile izango ditu.

Proba. 16 kanaerdiko lana egin beharko dute.

Apustua. Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu mahai gainean. Guztira, 6.000 euro jokoan.

Sarrera. 25 eurotan.