Aranburu: "Realekoa naizelako jarraitzen dut hemen"

Berria 2009ko ots. 25a, 19:02

Lehen taldeko fitxa orain dela hamar urte izan zuen aurrenekoz, baina bi urte lehenago debutatu zuen.

Askoz lehenagotik du bere taldea bihotzean kapitainak: umea zenetik

Urtebetetze eguna du —otsailak 18— Mikel Aranburuk (Azpeitia, 1979) Zubietan Berria-rekin hitzordua egin duen egunean. Hamahiru zituenetik ari da Realean. Lehen taldeko aldagelan lotsaz sartu zen mutil gazte hura kapitaina da egun. Hamar denboraldi da lehen taldeko fitxa duenetik, eta tarte horretan denetarik bizi izan du: une txarrak zein ederrak. Batzuk zein besteak patxadaz onartzen ditu, halakoxea baita bera. Zelaian bezalakoa da zelaitik kanpo.

1997ko ekainaren 22an debutatu zenuen Realean. Gogoratzen egun harekin?

Bai. Gogoan dut. Bukaera arte UEFAn sartzeko borrokan ibili zen taldea, baina partida hartan ez genuen ezer jokoan. Azkeneko hogei minutuak jokatu nituen. Urduri nengoela oroitzen naiz.

Gero, 1999-2000 sasoian, lehen taldeko fitxa egin zizuten. Denboraldi-aurrean, aurreneko entrenamenduan aldagelan sartzen zara, eta han daude ia-ia zure idoloak izan direnak. Zer pentsatu zenuen orduan?

Egun jakin hartan pentsatu nuenaz baino hobeto oroitzen naiz entrenamendu haietan sentitzen nuen urduritasunaz. Zubieta gerturatzearekin bakarrik urduri jartzen hasten nintzen. Partidetako urduritasuna lan saioetan sentitzen nuen: «Maila emango ote dut?».

Lehen sasoi hura txarra izan zen. Zu gazte-gaztea zinen, eta irakaspen ederra izango zen, ezta?

Clementerekin amaitu genuen denboraldia, eta asko sufritu genuen salbatzeko. Gerorako ohitzeko, ona izan zen, zoritxarrez ohitu beharra izan genuen-eta gero halako egoeretara. Orduan konturatzen zara hemen jokatzea zer den, zenbat jende dagoen gure emaitzari begira, zer eragin izan dezakeen jaisteak... presioa, azken batean.

Gero, sasoi hobeak etorri ziren Raynald Denoueixekin, txar batzuen ostean. Ia Liga irabazi zenuten. Denbora igaro da, eta nola ikusten duzu denboraldi hura?

Aurreko sasoian larri salbatu ginen, eta Liga hartan, aldiz, sekulako hasiera izan genuen. Athletici irabaziz ekin genion, eta lehen itzuli osoan ez genuen alerik galdu. Futbolaz gozatzea zen hura. Konfiantza genuen eta, partida onak ez jokatuta ere, irabazi egiten genuen. Liga irabaztea soilik falta izan zitzaigun, baina urteak pasa ahala, konturatzen gara bigarren izatea ere sekulakoa izan zela.

Txapeldunen Liga etorri zen ondoren. Nolako oroitzapenak...

Bai, baina Ligan larri ibili ginen. Ia-ia aurreko sasoiko talde bera edukita ia Liga irabazi genuenak sufritzen ibili ginen.

Beste denboraldi batzuetan eskas ibili eta gero, Bigarren Mailara jaitsi zineten. Hau zuk esana da: Lor dezakedan lorpenik handiena ez dut lortu: Reala Lehen Mailara igotzea.

Hala da Realean gauden guztiontzat. Momentu onetan egotea tokatu zaigu, eta txarretan egotea ere bai, tamalez, eta txarrena jaistea izan da. Gure helburua da igotzea, eta ahal bada, sasoi honetan.

Etxeko jokalarientzat zer da Bigarren Mailara jaistea?

Erru osoa gurea dela esatea gehitxo esatea izango da akaso, baina emaitza onetan daukagun eragin bera dugu txarretan ere. Realaren parte sentitzen gara, eta normala da jaitsi izana ez ahaztea. Horretarako modu onena Lehen Mailara igotzea da.

Gogoan al duzu Realarekin sartu zenuen lehen gola?

Bai. Oroitzapen onena ematen didan gola da. Atletico Madrilen kontra izan zen, Anoetan. Irabazi egin genuen, eta ez zen denbora asko Aitor Zabaleta hil zutenetik. Partida berezia izan zen.

Hemen erretiratuko al zara?

Ez dago jakiterik, futbola asko aldatzen delako, baina nire partetik baietz esango nuke.

2005eko abenduaren 4an ia-ia erretirarazi egin zintuen Oriolen sarrera hark. Zer gelditu zaizu egoera hartatik?

Momentu txarrak igaro nituen. Ebakuntza egin aurreko gauean belaunak zer itxura zuen ikusi nuen, eta gaizki pasatu nuen. Baina halaxe tokatu zen, eta saiatu nintzen osatzen. Azkenean, lesioak futboleko parte dira, eta arrisku hori onartu egin behar da.

Ez omen zara jokalari bera lesioaz geroztik.

Partida txarrak jokatzen dituzunean, normala da jendeak hori esatea. Baina belaunak ez dit batere arazorik ematen, nahiz eta jakin lesioaren aurretik zegoen bezala ez dela inoiz egongo.

Beldur handiagoarekin jokatzen al duzu orain?

Orain ez, baina hasieran bai, kontu gehiagoz ibiltzen nintzen.

Realean urte mordoan ari zara jokatzen, eta gehienak txarrak izan dira emaitzetan. Zergatik jarraitzen duzu hemen, eskaintzak izanda, gainera?

Hemen bertakoa naizelako eta txikitatik Realekoa naizelako. Nahiz eta Bigarren Mailan egon, hemengo taldean Lehen Mailan aritzeko aukera izatea gauza handia da. Beste inongo taldetan ez nuke sentituko hemen sentitzen dudan poza partida bat irabaztean edo gauzak ondo doazenean. Txikitatik barruan daukagu Reala, eta gauzarik politena da hemen jokatzeko aukera edukitzea.

Beste nonbait tituluren bat irabaztea baino politagoa?

Baietz uste dut. Bigarren egin genuen denboraldi hartan, beste inon ez nuen sentituko hemengo poza, inguruko jendearen poza ere nabaritu egiten duzulako. Zure ingurukoei poza ematea ezin duzu lortu beste talderen batean.

Reala bihotzean daukazu, eta azkenaldian zaleek txistu egin dizue. Gaizki pasatu duzu.

Txistuak entzutea ez zaio inori gustatzen, baina futboleko parte da, eta zenbait unetan soilik gertatu da. Ezin naiz kexatu, zaleek oso ondo tratatu izan nautelako; eskertzeko hitzak besterik ez ditut. Normala da jendeak ezkortasuna ateratzea gauzak gaizki doazenean.

Normala dela esan behar duzu ala normaltzat hartzen duzu benetan?

Ni ez naiz inor jendeari ezer esateko. Gainera, ez dakit ni zalea banintz zer egingo nukeen.

Erraza al da Anoetan jokatzea etxeko jokalarientzat?

Boladak egoten dira. Etxean jokatu nahiago izaten du hemengo jokalariak. Gainera, talde guztiek emaitza hobeak lortzen ditugu zaleen aurrean. Baina taldea momentu onean ez dagoenean, etxean galtzeak kanpoan galtzeak baino min handiagoa ematen du. Taldea ondo ez dagoenean, astunagoa da zaleen aurrean ezintasun hori jendeari erakustea. Etxean gehiago gozatzen da gauzak ondo daudenean, baina sufritu ere gehiago sufritzen da.

Zer da futbola zuretzat?

Txikitan, jolasa, eta nahi gabe pausoak ematen joan naizen heinean, lanbide eta bizitzako parte garrantzitsua.

Noiz lehertuko da futbolaren puztualdia, inoiz lehertzekotan?

Momentu hauetan alde askotatik hasita dago ontziko ura ateratzen. Aspaldi hasi zen, eta ura kanpoan da leku batzuetan. Neurriz kanpo ibili denak ordaindu egingo du denborarekin.

Futbolariak nolako jarrera izan behar du gizarteko arazoen aurrean?

Gipuzkoa txikia da, Donostia ere herri handi bat da, hiri handia baino gehiago, eta inguruko arazoez konturatu beste erremediorik ez daukagu, gizarteko gainontzeko kideei gertatzen zaien bezala. Jende normala gaude aldagelan. Arazoen gainean guk iritzia ematea ona da batzuentzat, baina besteentzat ez; entzun nahi dutena entzun nahi ez badute, kexatu egiten dira horiek. Ni neu jakitun naiz Realean aritzeagatik oihartzun handiagoa daukagula, eta, horregatik, norberaren izenean ematen dugu iritzia, kluba aparte utzita.

Futbolak Reala irentsi egin al du bere betiko ezaugarri eta guzti?

Futboleko gurpil horrek ia beste talde guztiei bezala eragin dio. Asko aldatu da kirol hau azken hamarkadan batez ere, lege batzuen eraldaketagatik. Reala saiatu egin da eredu berri horietara moldatzen, eta uste dut beti ez dituela hartu erabaki zuzenak. Etorkizunera begira betiko balioei eutsi beharra izango du, zerbait egin nahi badu; Zubietari begira egoteaz ari naiz.

Sentitzen al duzue jokalariok kluba nora ezean dabilela?

Azkeneko urteak ez dira errazak izan. Bigarren Mailara jaistea denontzat izan zen gogorra, eta denoi kosta zitzaigun egoera berrira moldatzea eta egokitzea. Orduan, horren inguruan presak etorri dira, eta lagundu beharrean, kalte besterik ez dute egin. Nahiz eta aurreko sasoian gertu izan genuen igoera, pazientzia pixka bat edukitzea ere ez da gaizki etortzen. Helburua igotzea da, baina batzuetan balio du burua hotz edukitzeak.

Motzean

Entrenatzaile onena. Bat ezin dut esan, denek dituztelako gauza onak. Halakoetan, bat esaten dut beti: Luis Landa azpeitiarra, nire lehen entrenatzailea.

Taldekide bat. Mikel Labaka esango dut.

Partidarik onena. Atletico Madrilen aurkako partida hura, Realarekin lehen gola sartu nuen hura.

Partidarik txarrena. Bi esango dizkizut. Bat Valentziakoa botako dut, Bigarren Mailara jaitsi ginenekoa; eta bigarrena joan zen denboraldikoa, Gasteizkoa.

Oriol. Lesioa etortzen zait gogora, egia esateko.

Taldekideak eta taldekide ohiak Aranburuz

Asier Riesgo (Recreativoko jokalaria). "Eredua da Gipuzkoako neska-mutil guztientzat. Kapitaina. Horrez gain, primerako taldekidea izan da, eta lau denboraldian berarekin aritzeko aukera edukitzea plazera izan da niretzat".

Gari Uranga (Castello). "Ez dakit nola definituko nukeen. Ez da erraza. Euskal Herriko gazteentzat ispilua da, nire ustez. Jokalari onena da, eta pertsona oraindik hobea".

Mikel Labaka (Reala). "Jendeak asko estimatzen duela sumatzen dut. Hori, futbolari ona izateaz aparte, bere izaerarekin irabazi du: mutil umila da, zentzuduna, langilea eta handinahirik gabea".

Igor Gabilondo (Athletic). "Realeko kapitaina denbora askoan. Guztiekin asko arduratzen da, zelaian eta zelaitik kanpo. Inoiz ez du oreka galtzen, eta inoiz ez du arazorik sortu. Ikurretako bat da. Halakoak behar dira aldagelan".

Gaizka Garitano (Alaves). "Erreferentzia eta eredua aldagela barruan. Aldagelan topa dezakezun gizaseme zintzoena da. Urte askoan izan dudan taldekide eta aldagelako kide onena".

Tayfun Korkut (Realeko jokalari ohia). "Jokalari ona eta taldekide aparta izateaz gain, badu beste ezaugarri bat: jende askok bat egiten du berarekin. Berak ere halaxe egiten du bat Realarekin, eta erreferentea da lehen taldean hasi zenetik. Oso garrantzitsua da taldeetan halako jokalariak izatea".

Alberto Lopez (Valladolid). "Zorionak eman behar dizkiot lehendabizi, zenbaki handiak direlako bereak. Horrelako kasuak ohikoak izaten dira harrobiko klubetan, eta zoragarria da halakoak ikustea. Meritua dauka, sekulako lesio larria gainditu zuelako. Taldekide gisa zazpi-zortzi urtez eduki nuen, eta etxeko jokalaria da; horrekin dena esan dut".