Hamar urte eta gero, berriz eramango dute soka Erdi kalean gora

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 19a, 11:02
Goiko argazkian, Cipriano Aranbarri 'Xipri'. Behekoan, Jesus Arakistain 'Aitzaki'. (Nerea Uranga)

Igandean, eguerdiko sokamuturrean sokamutil ibili izandako bost lagun aterako dira, horien artean Zipriano Aranbarri Xipri eta Jesus Arakistain Aitzaki

Zezena ala soka, nor iritsiko ote da aurren plazara? Hor omen dago jendearen "morboa", baina sokamutilak ez daude urduri

Gaur eguneko sokamutilen ekimenez, igandean, Txikiteo Elegante Egunean, eguerdiko sokamuturrean sokamutil ibili izandako bost lagun aterako dira sokan. Haien lana, zezena Erdi kaletik gora herriko plazara eramatea izango da. Sokamutil horietako bi Zipriano Aranbarri Xipri eta Jesus Arakistain Aitzaki dira. Hamar urte pasa dira sokamutil izatea utzi ziotela.

Zipriano Aranbarri, Xipri (Sokamutil ohia)

"Errespetua zezen handiak jartzen du, baina zezen txikia arriskutsuagoa izaten da"

Zipriano Aranbarri (Arroa erreka, Zestoa, 1962) ez da azpeitiarra; izatez Arroa errekakoa da, baina Azpeitian sokamutil ibilitakoa da hainbat urtez. "Txiki-txikitatik ganaduzalea izan naiz, eta kasualitatez hasi nintzen sokamutil. Zelebre" dio. Gaur egun Nuarben bizi da, Azpeitian, eta hantxe hartu du Urola Kostako Hitza. Igandean, Txikiteo Elegante Egunean, sokamutil ohiekin eguerdiko sokamuturrean zezena gidatuko du Erdi kalean barrena.

Noiz eta nolatan hasi zinen sokamutil?

Zelebre hasi nintzen sokamutil. Garai hartan Azpeitiko neska batekin nenbilen, eta neska haren aitak sokamutilentzako soka prestatzen jarduten zuen. Harek komentatu zidan ea sokamutil irten nahi nuen, eta halaxe hasi nintzen. Etxean beti izan dugu ganadua, eta txiki-txikitatik oso ganaduzalea izan naiz. Lasturraldera-eta asko joaten ginen umetan, eta han zezenekin-eta ibiltzen ginen. Afizioa beti izan dut. Haurra nintzenetik ganadu artean ibili naiz, jaio ere ukuiluan jaioko nintzen ni!

Eta lehen aldiz noiz irten zenuen?

Justu zein urtetan ez dut gogoan, baina 1985 edo 1986 urtean izango zen aurreneko aldiz. 1997-98 arte ibili nintzen. Sokamutilen koadrilan Bittor, Txomin, Fernando Pikua, Zapa... ibili ginen.

Sokarako nolako zezenak dituzu gustuko?

Nik zezen guztiei errespetu handia diet, hala ere zezen handiak gustukoago ditut. Baina behin aurrean jarrita, denei errespetua diet. Ez da berdina, nahiz eta egunero ganaduarekin ibili gero zezenaren aurrean jartzea. Zezenari errespetua izan behar zaio.

Hainbeste urtean sokamutil ibilita pasadizoren bat ere izango duzu, ezta hala?

Zelebrekeria asko izan genituen, bai. Ez dago ondo esanda, baina behin pertsona bat mehatxatu nuen. Izan ere, zezena kale bazter-bazterretik zetorren, eta Fideo Miletora sartu nintzen; nirekin batera tabernara sartzen ari zen batek, ordea, kanpora bultzatu ninduen eta zezenak pasada ederra eman zidan. Bestela, pasadizoak asko...

Sokamuturrean ibiltzeko tokirik ederrena zein da zure ustez?

Zalantzarik gabe, zezenean ibiltzeko lekurrik ederrena herriko plaza da. Eliz kaleak eta Enparan kaleak-eta morboa dute, baina plazak, arkupetan, Disdiraneko aldean... jokoa ematen du zezenean ibiltzeko, eta ederrena huraxe da. Orain, esan beharra dago, Mixerikordia aldea zezenean ibiltzeko oso ondo jarri dutela. Kaleek morbo hori dute, karreretan sartu-eta... Beste gauza bat dute kaleek.

Igandean berriro galtza zuriak jantzi beharko. Urduri?

Mementoan ez dago nerbiorik, larunbatean ikusi behar.

Igandean zezen makal-makala jarriko dizutenaren zurrumurrua zabaltzen ari da herrian...

Bada, zenbat eta zezen handiago jartzen diguten hobe izango da. Zezenak pasatzen gaituela? Ba pasa gaitzala eta kitto. Errespetua zezen handiak jartzen du, baina zezen txikia arriskutsuagoa izaten da; handia bera kalean gora errespetuan joaten baita. Morboa hor dago, zezenak pasatuko gaituen edo ez ikusi nahi du jendeak. Adar-jotze batzuk entzuten ari gara, bai.

Iganderako prestaketarik egiten ari al zara, entrenamendurik edo?

Zerbait bai, baina askorik ez, ez dugu arratsalde osoan zezenean ibili behar-eta.

Gaur egun sokamuturrean ibiltzen al zara?

Bai, batzuetan joaten naiz, baina ez lehen bezala, aldi oro. Txarrena etxean bertan daukat: 12 urteko alaba amorratua da.

Jesus Arakistain, Aitzaki (Sokamutil ohia)

"Mementon ez nago urduri, baina galtza zuriak janzten ditugunean ikusi behar"

Jesus Arakistain Aitzaki-k (Azpeitia, 1963) sokamutil irtengo du berriro ere igande eguerdian, Txikiteo Elegante Egunean. Oraindik lasai dagoela dio, baina dioenez ikustekoa izango da berriro praka zuriak jantzitakoan zer sentitzen duten, "orduan hasiko dira hazkureak-eta".

Aurreneko aldiz noiz irten zenuen sokan?

Soldaduskatik etorri nintzenean hasi nintzen sokamutil. Orain 28 urte irten nuen aurrenekoz, eta azkena orain 12 urte.

Eta nolatan hasi zinen?

Gustatu beti gustatu zaigu sokamuturra. Orduan, bateren batek esan zigun sokamutilak falta zirela eta halaxe hasi nintzen. Lehen sokamutilak orain baino gutxiago izaten ginen: lehen zazpi-edo ibiltzen ginen, eta gaur egun hamar edo. Lehen sokamutilen batek utzi eta zeini esango ibiltzen ginen. Gaur egun, aldiz, beti dago nork lekukoa hartuko, sokan ibiltzeko prest dauden gazteak daudelako.

Zezenerako zein duzu toki gustukoena?

Leku egokiena plaza dela uste dut, baina ederra da Erdi kaleko pasaera ere. Zezena hobeto ibiltzen da plazan eta ikusteko nahiz jendea ibiltzeko ere leku onena da; libreagoa da eta lekua dago. Eliz kalea-eta arriskutsuak dira.

Pasadizoren batzuk izango zenituen hainbeste urtean, ezta hala?

Kolpeak beti izan ditugu. Azkeneko urtean, soka uztear nengoela, bost minutu-edo falta ziren zezena erretiratzeko, eta Enparan kalean sokara bota ninduen zezenak. Mina hartuta ospitalean bederatzi egunez egon nintzen. Hori niretzako bukaera tristea izan zen.

Sokak edo zezenak, zeinek du arrisku gehiago?

Biak antzerako: zezena arriskutsua da, baina baita soka ere. Denetik pasatu da, bai sokarekin eta bai zezenarekin... Biak dira arriskutsuak.

Igandean berriro irten behar duzu sokan. Gogoarekin, urduri?

Kontua txantxa moduan hasi zen, eta azkenean gertatu egin da. Mementoan ez nago urduri, baina galtza zuriak janzten ditugunean ikusi beharko, orduantxe hasiko dira hazkureak-eta. Hala ere, ordu erdiko kontu bat da eta...

Zezen makala atera behar omen dizute, hori diote.

Ez, ez, horrelakorik ez! Behin barregarri gelditzen hasita, ganaduzalearekin hitz egin eta dagoen zezenik suharrena eta handiena ateratzeko eskatu beharko dugu. Denek ere hori esaten digute, zezenak aurrea hartuko digula Erdi kalean.

Sokan irtetzeko prestaketarik egin al duzu?

Nik beti egin dut kirola eta ez naiz bereziki prestatzen jardun. Horko 300 metro egiteko ez da prestaketa handirik behar.

Larunbatean sokamutilen bazkaria izan zenuten. Ondo?

Gauza polita izan zen, eta nik uste baino jende gehiago joan zen. Zahar eta gazte bildu ginen eta oso polita izan zen; giro ederra egon zen. Hemendik urte batzuetara berriro egiteko modukoa da. Sokamutil gazteen ekimenez egin da eta urte batzuetara berriro elkartzea polita izango litzateke.

Gaur egun ere sokamuturrean ibiltzen al zara?

Bai, bai, ibiltzen naiz. Zaletasuna hortxe dago, beti. Baina orain ez da sokamutil ibiltzen ginenean bezala, orduan sokamuturra zegoen bakoitzean joaten ginen zezenera.

--

Uztarria herri aldizkariak 2009ko otsaileko zenbakian sokamuturraz egindako erreportajea hemen