Gipuzkoako Aldundiak diru laguntza kendu izana "erabaki politikoa" dela dio Topaguneak

Berria.info eta uztarria.com | Kultura
2009ko ots. 17a, 15:02

Aldundiak ez du aurten Kultur Errota babesteko lankidetza hitzarmena egingo Euskara Elkarteen Federazioarekin

"Zalantzan jarri du gizarte ekimenean eta parte-hartzean oinarritutako eredua", esan du Topaguneak

Andoni Tolosa  Argazki originala

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa eta Kultur Errota babesteko zeukan lankidetza hitzarmena bertan behera utzi du, eta Topaguneak dio "erabaki politikoa" dela hori. Honek aurten 49.000 euro jasotzea espero zuen handik, eta diru horren zatirik handiena Kultur Errotarako erabiliko zuen, ekimenak-eta egiteko. Bizkaiko Aldunditik diru laguntza jasotzen segituko du eta aurtendik Arabakotik ere emango diote.

Kultur Errota euskarazko kultur sorkuntza herritarrei hurbiltzeko asmoz sortu zuen Topaguneak, "euskararen erabilera bultzatuz euskaldun komunitate trinko eta zabala antolatzeko xedez". Hala, formatu txikiko ekimenak egin izan ditu urteetan, "eta kultur eskaintzaren erreferente ukaezina bihurtu da hainbat herritan". 11 ediziotan ehunka sortzailek 1.700 emanalditik gora eskaini dituzte Euskal Herrian. "Kultur Errotak sortzaile eta herritarren arteko harremana lantzea du helburu sorreratik".

Gipuzkoako Aldundiak aurten berak kultur ekitaldiak antolatzeko proiektua du, eta enpresa bat hartuko du hori kudeatzeko. Topaguneak uste du modu horretara Euskara Elkarteen Federazioaren sustapen lana ere ezbaian jarri dutela. "Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu duen erabakiak, eragin ekonomikotik harantzago, zalantzan jarri du Kultur Errotak eta Topaguneak proposatutako eredua, gizarte ekimenean eta parte-hartzean oinarritutako eredua".

Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria, Koldo Mitxelena ...eta Kitto! Eibarko Euskara Elkarteko kidea, Maite Agirre Arrasate Euskaldundu Dezagun-ekoa eta Andoni Tolosa Morau kantaria izan dira prentsaurrekoan, Donostian, gaur.

Uztarria Komunikazio Taldea da Topagunea osatzen duten elkarteetako bat.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu