Gaur kaldereroen desfilean antolatzen ibili izan den Ardozaleak omenduko dute

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 14a, 13:02

17:00etatik, haur eta gaztetxoek jaialdia egingo dute Zapo Txokon; 19:30ean hasiko dute kaldereroek kalejira

Ardozaleak elkarteak 1993tik 2007ra arte antolatu zuten jaia

Kaldereroen festa eguna izango da gaur (larunbata) Azpeitian, eta hori inauteriak gertu diren seinalea da. Jaiari hasiera txikienek emango diote 17:00etan, Zapo Txoko gaztelekuan egingo duten jaialdian. Gero, 19:30ean hasiko du kalejira kaldereroen konpartsak.

Kaldereroen ekitaldiak iaz hainbat aldaketa izan zituen: batetik, ordura arte antolatzeko ardura zuen Ardozaleak elkarteak utzi egin zuen antolatzeko lana eta Udalak hartu zuen lekukoa. Bestetik, iluntzean irten beharrean arratsaldean irten zuten kaldereroek. Aurten, iaz bezalaxe antolatu dute kaldereroen kalejira. Baina oraingo honetan, kaldereroak antolatzen hainbeste urtetan jardun dutenak omenduko ditu Udalak: Ardozaleak elkartekoak. Kalejirari ekin aurretik omenduko dituzte Arana kalean dagoen elkarteko kideak.

Lehen besteak, orain eurak

1993tik 2007ra arte Ardozaleak elkartekoek antolatu zuten kaldereroen jaia. "Kasualitatez" hasi ziren antolatzen eta urteetan lan horri segida eman zioten. Baina beti batzordeko kideak berdinak ziren, ez zen jende berririk sartzen antolakuntzako taldean, eta ez zuten erreleborik. Kontuak horrela, kaldereroak antolatzeari utzi egin zioten. Orduan, festari heldu nahian Udaleko Festa Batzordeak hartu zuen ardura.

Kaldereroak Ardozaleak elkarteak antolatzen zituenean, urtero herritarren batzuk omentzen zituzten, soziedadean bertan egiten zuten afarian. 1995ean hasi eta 2007 arte urtero-urtero herritarren batzuk omendu zituzten. Iaz kaldereroetan ez zuten inor omendu. Aurten, ordea, Udalak Ardozaleak elkartekoak omentzea erabaki du.

Sokamutilen festa

Gaur, ordea, ez dira kaldereroak festako protagonista bakarrak. Sokamutil ibilitakoek eta gaur egun sokan dabiltzanek bazkaria egingo dute Loiola Hotelean. 40en bat lagun biltzeko asmoa dute. Sokamutilek halakorik ez dute inoiz egin.

Astelehen karnabalean Baigerakoen afaria

Baigera Jubilatuen Elkarteak inauterietako astelehenean bazkideen arteko afaria antolatu du. Afariak, Baigera Iean eta Baigera IIan egingo dituzte. Bietako menua honakoa da: entsalada mixtoa edo arrain zopa; entrekota edo legatza (Baigera Ien); txuleta edo legatza (Baigera IIn) eta postrea, kafea eta txupitoa. Afariaren prezioa 20 eurokoa izango da. Afarirako izena aldez aurretik eman behar da.

Egitaraua

Larunbata, otsailak 14

14:00. Sokamutil izandako guztien omenezko eguna. Loiola Hotelean egingo dute bazkaria eta 40 lagun inguru bilduko dira.
17:00. Kalderero gazteen jaialdia, Zapo Txoko gaztelekuan. Toni La Sal-en emanaldia ere izango dute jaialdiaren baitan.
19:30. Kaldereroen konpartsaren kalejira. Udal Musika Bandak, Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleek, haur eta gazteek eta ludotekako begiraleek parte hartuko dute. Ardozaleak elkarteko kideek kaldereroen omenaldia jasoko dute.
22:30. Rock kontzertua, herriko plazan. Taldeak: Trigger Travis eta Acido C.

Igandea, otsailak 15

13:00. Inauterietako doinuen kontzertua, udaletxeko arkupetan. Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Juan Antxieta Musika Eskolako abesbatzak parte hartuko dute.

Osteguna, otsailak 19

21:00. Txikiteo Elegante Eguneko artzain-inudeetarako danbor-jotzaileen eta gainerakoen entsegua, Itsasi dantza taldearen egoitzan (Jesusmariatan).