Urbitarte auzoko lanak Udalak "nahi baino makalago" doaz

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 11a, 11:02
Urbitarten egiten ari diren lanak, atzo (asteartea) eguerdian. (Nerea Uranga)

Lanak egiten ari diren lekua oinezkoen eta autoen pasoko tokia da eta ezin dute itxi lanak azkartzeko

Oinezkoentzako espaloiak berritu eta bizikletan ibiltzeko bidegorria egiten ari dira

Sanjuandegiko Urbitarte auzoan bidegorria egin eta espaloia eraberritzeko lanak egiten ari dira. Hasieran, lanak joan den urtarrilaren bukaerako amaitzea aurreikusita zuten, baina atzeratzen ari dira. Udaletxeko Hirigintza Saileko teknikariek diotenez, "nahi baino makalago doaz lanak". Epaitegiaren ondoan, orain lanean ari diren tokian, jendearen joanetorri handia dago, eta hor oinezkoen segurtasuna bermatu beharra dute. "Ezin dugu itxi toki hori azkarrago lan egiteko. Lanak egiten ari garen bitartean, oinezkoei bide luzeagoa jarri diegu batetik bestera pasatzeko, baina oinezkoen segurtasuna bermatzeagatik egin dugu hori", azaldu dute.

Urbitarte auzoan, hasi epaitegi aurretik eta igerileku aurrera bitartean, oinezkoentzako espaloiak berritu eta bizikletan ibiltzeko bidegorria egiten ari dira. Espaloiak egoera txarrean zeuden eta egingo duten bidegorriarekin herriko bi kirolguneak (Kiroldegia eta igerilekua) lotu egingo dituzte. Era berean, bidegorri horrek herriarteko bidegorriarekin ere lotura izango du.

Lanen zati bat eginda dute dagoeneko, igerileku aurretik hasi eta Euskal Herria kaleko bidegurutze arteko espaloia eta bidegorria. Baina, gaur egun bidegurutzean ari dira lanean, hori ere eraberritu egingo baitute, Sanjuandegiko biribilgunetik Euskal Herria kalera sartzeko autoentzako bidea Kutxa aldera hurbilduz. Lan hori egiteko Kutxa aurreko zelaia kendu eta oinezkoentzako espaloia jarriko dute.

Behin lanak bukatutakoan, biribilgunearen eta Euskal Herria auzora sartzeko bidegurutzearen artean auto gehiagorentzako tokia egongo da. Gainera, auzorako autoen sarrerako eta irteerako bideen artean oinezkoentzako espaloi handi bat egingo dute.

Urbitarten bidegorria egiteko eta espaloia berritzeko lanekin iazko urrian hasi ziren. Garai hartan aurreikusi zuenez Udalak, egiten ari diren lanek 360.000 euroko aurrekontua izango dute.