'Kondena' hitza

Begoña Arozena (Azpeitia) 2009ko urt. 17a, 20:01

Gaur, urtarrilak 17, Azpeitian ANVren kontrako zentsura mozioa landu behar zuten udaletxean, beste herritar asko bezala herriko plazan nengoen, zer gertatzen zen ikusteko. Denbora aurrera eta ni lasai plazan. Bitartean, herritar asko udaletxe barruan dago, kanpotik batzuetan oihuak eta bestetan txaloak entzuten dira.

Iritsi da plenoa bukatu deneko ordua, jendea hasi da udaletxetik kanpora irteten, urduritasuna antzematen da, ertzainak nire ondoan daude. EAJko jendea udaletxetik irten eta kalean gora egiten hasi da, ni plazaren beheko aldean nago. Norbaitek nire izena esan du eta “kontuz” egin dit deiadar, “kendu hortik” esaten dit gero oihuka. Begiratu dut niri deika ari diren aldera eta nire semea ikusi dut. Ertzainak borrarekin joka ari zaizkio; besoan jo dute, batik bat. Semea, berriz, niri begira. Gero, semea eta biok kalean behera abiatu gara.

Zer egin du semeak? Zer egin dut nik? Plazan lasai egon zer gertatzen ari zen ikusten, ez besterik. Ekintza hori ez da telebistan azalduko, baina herritar askok ikusi du. Zeinek kondenatu behar du guri gertatu zaiguna? EAJk? Alkateak? Herritarrek?