Julian Eizmendi da alkate berria, zentsura mozioari esker

uztarria 2009ko urt. 17a, 13:01
Iñaki Errazkin eta Julian Eizmendi bostekoa ematen udaletxean, 12:30ean, azkena udalbatzarrak alkate izendatu ondoren.

EAJko zortzi zinegotziek eta EAko batek bozkatu dute hautagai jeltzalearen alde, eta Iñaki Errazkin kargutik kendu dute

Gutxiengoan gobernatuko du EAJk

Albiste honen argazki bilduma eta bideoa

Iragarri bezala, alkate aldaketa gauzatu gaur (urtarrilak 17) Azpeitian: Julian Eizmendik (EAJ) Iñaki Errazkinen (ezker abertzalea) lekua hartu du karguan, zentsura mozio bidez. Trantsiziotik hona behintzat, ez zen udaletxean halako gertaerarik izan. EAJk, dena den, gutxiengoan gobernatuko du. Eizmendi 2003tik 2007ra arte ere izan zen Azpeitiko alkate, eta hura izan zen duela bi urteko udal hauteskundeetan EAJko zerrendaburua —3.300 boto lortu zituen, denetatik gehien—.

Gaurko udalbatzarrean EAJko zortzi zinegotziek egin dute aldaketaren alde —Eizmendik barne—, eta EAtik, esan zuten bezala, Mikel Ibarzabal hautetsiak —beste zinegotziak, Manuel Unanuek, kontra bozkatu du—. Unanuek uztarria.com-ek abenduaren 20an argitaratu zuena esan du: EAko zuzendaritza nazionalak "agindu" diela Azpeitiko zinegotziei mozioa babesteko.

Juan Karlos Arellano Aralarreko zinegotzia abstenitu egin da, eta ezker abertzaleko seiek aurka bozkatu dute (Iñaki Errazkin, Xanet Esnaola, Arantxa Isart, Leire Ibarguren, Leire Lazkano eta Haizkurgi Uzinek). 12:23an bukatu da bozketa eta 12:24an izendatu du mahaiburuak Eizmendi alkate; Errazkinek eta biek bostekoa eman diote elkarri.

ETAk abenduaren 3an Inazio Uria enpresaburua Loiolan hil ondoren Errazkinen taldeak hilketa gaitzestu ez zuela-eta, EAJko zortzi zinegotziek eta EAko Ibarzabalek urtarrilaren 5ean sartu zuten zentsura mozioa udaletxean, eta gaur eztabaidatu dute, 12:00etatik. Ordu erdia iraun du, aretoa lepo zegoen, EAJren eta ezker abertzalearen aldekoek orroak bota eta kartelak erakutsi dituzte, eta batzarraren ondoren Ertzaintzak kargatu egin du plazan.

Mozioaren akordioko aurreneko bi puntuetan, Errazkin alkateak Uriaren hilketaren aurrean izandako jokaera "zentsuratu" dute, "behar adinako erantzunik eman ez zuelako", eta hura alkatetzatik "kentzea" eskatu dute. Ondoren egin dute bozketa, ezusterik gabe. Gehiengo osoa behar da halako mozioa aurrera ateratzeko eta eskuratu dute: bederatzi boto —Azpeitiko udaletxean hamazazpi ordezkari daude—. Botoa eman aurretik alderdietako ordezkariek hitz egin dute. Bukaeran, berriz, Errazkinek eta Eizmendik hartu dute hitza.

Udaletxeko idazkariak eta zinegotzien arteko zaharrenak eta gazteenak gidatu dute udalbatzarra —kasu honetan, Jose Urbistondok eta Nerea Aldaik hurrenez hurren; biak EAJkoak dira—.

2009ko aurrekontuak

Nahiz eta alkatetza lortu EAJk, ez du Udalean gehiengo osorik, zortzi ordezkari baitauzka. EAk abenduaren 20an jakinarazi zuen, zentsura mozioa babestu arren, ez dela EAJrekin udal gobernuan sartuko. Izan ere, bi alderdien artean azkeneko urteetan alde handiak daude, harremanak ere ez dira onak, eta horren isla izan zen EAk 2007ko ekainaren 16ko udalbatzarrean hartutako erabakia: EAE-ANVrekin eta Aralarrekin akordioa egin zuen, eta Errazkin jarri zen alkate. EAJ —lehen indarra—, oposiziora.

Udalak 2009ko aurrekontuak ez dauzka oraindik onartuak —Uriaren hilketaren ondorioek dena baldintzatu dute—, eta hori izango da EAJren lehen eginkizun nagusia. Beste alderdiek zer jarrera hartuko duten ikusi egin behar. Horietako baten babesa beharko du. "Ahal den babes handiena lortzen saiatuko gara", esan du Eizmendik.

Honek adierazi du San Sebastian festen ostean egingo dutela lehen udal adierazpena, eta ondoren jakinaraziko du zein izango diren udal batzordeetako arduradun berriak.

Kronologia

2007ko maiatzaren 27a. Udal hauteskundeak. Azpeitian EAJk 3.300 boto lortu zituen, EAE-ANVk 2.409, EAk 760, EB-Aralarrek 404, PSE-EEk 343 eta PPk 224. Azpeitiko Udalean 17 hautetsi dira: EAJk 8 lortu zituen, EAE-ANVk 6, EAk 2 eta EB-Aralarrek 1.

2007ko ekainaren 16a. Ustekabea izan zen: EAE-ANVren zerrendaburu Iñaki Errazkin hautatu zuten alkate. 9 boto jaso zituen (EAE-ANVko 6, EAko 2 eta EB-Aralarreko 1); Julian Eizmendik, berriz, 8 (EAJkoak). 1979tik 2007ra arte beti EAJkoa izan zen alkate.

2007ko ekainaren 22a. Agintaldiko akordioa aurkeztu zuten udal gobernuko hiru alderdietako kideek: EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek. Herritarrei "lasaitasuna, errespetua eta normaltasuna" eskatu zieten.

2008ko maiatzaren 8a. EAJk mozio etikoa aurkeztu zuen udaletxean eta EAE-ANVko udal ordezkarien dimisioa eskatu zuen, "indarkeria" ez salatzeagatik. Mozioak EAJkoen botoak bakarrik jaso zituen. Udal Gobernuak beste testu bat adostu zuen eta hura onartu zen; horren arabera "desberdinen arteko akordioek" ekarriko dute konponbidea.

2008ko abenduaren 3a. Inazio Uria Altuna y Uria enpresako buruetako bat hil zuen ETAk Loiolan, 13:05 aldera. 18:00etan ezohiko udalbatzarra egin zuten Azpeitiko Udalean. EAJk, EAk eta Aralarrek aurkeztutako mozioa onartu zuten; hautetsi independentisten mozioa onartu gabe gelditu zen. EAk udal gobernua utzi zuen.

2008ko abenduaren 4a. Aralarrek ere udal gobernua utzi zuen. EAJk zentsura mozioa aurkezteko asmoa azaldu zuen.

2008ko abenduaren 5a. Jendetza bildu zen Inazio Uriaren aldeko hileta elizkizunean, eta ondorengo manifestazioan (ETA kanpora lelopean egin zuten).

2008ko abenduaren 11. EAJk eta EAk bilera egin zuten Gasteizen. Bilera ondoren, EAJk proposatutako mozio zentsura babestuko zuela adierazi zuen EAko zuzendaritza nazionalak.

2008ko abenduaren 20a. Azpeitiko EAJren eta EAren bilera zentsura mozio akordioa adosteko. Akordioa lortu zuten.

2008ko abenduaren 23a. Inazio Uriaren sendiak lehen agiria atera zuen, Euskal gizarteari, saminez eta esker onez izenekoa.

2009ko urtarrilaren 5a. EAJko zortzi zinegotziek eta EAko bietako batek —Mikel Ibarzabalek— Iñaki Errazkin alkatearen kontrako zentsura mozioa sartu zuten udaletxean.

2009ko urtarrilaren 10a. Ezker abertzaleak deituta, zentsura mozioaren kontrako manifestazioa egin zuten Azpeitian, Konponbidea orain! Euskal herritarren hitza errespetatu! lelopean. Jendetza bildu zen.

2009ko urtarrilaren 17a. Aipatutako mozioa eztabaidatu zuten udalbatzarrean, eta Julian Eizmendi jeltzalea hautatu alkate, Iñaki Errazkinen partez. EAJko zortzi zinegotzien botoak eta Mikel Ibarzabal EAkoarena jaso zituen. 2011ko maiatzean-ekainean izango dira hurrengo udal hauteskundeak.

2009ko urtarrilaren 21a. Inazio Uriaren hilketa bere gain hartu zuen ETAk, agiri bidez. "AHTren lanetan bereganatutako erantzukizunagatik" eta "ETAren 'zerga iraultzailea'" ez ordaintzeagatik hil zutela zioen erakunde armatuak.