Realak ez du bandera igoko San Sebastian bezperan

Uztarria.eus 2009ko urt. 10a, 17:01

Udalaren eta danbor taldeen batzordeak atzera bota du eskaera, eta jakinarazi diote ofizialki

Futbol klubak aurten ehungarren urteurrena duela-eta egin zuen proposamena duela hilabete

Realak ez du San Sebastian bezperan —urtarrilaren 19an— danborradan bandera igoko Azpeitian. Hala nahi zuen, eta hala proposatu zion abenduaren hasieran Iñaki Errazkin alkateari, gutun bidez, baina Udalak eta danbor taldeek osatzen duten batzordeak atzera bota du eskaera. Udalak eman dio ezezkoaren berri Realari, ofizialki.

Aurten ehun urte beteko dituela zen futbol klubaren arrazoia proposamena egiteko. Danborradako batzordean abenduaren 17ko bileran aipatu zuten gai hori, eta ez zeuden alde. Geroago bidali zioten ezezkoa.

Azkeneko urteetan, alkatearekin batera, herriko kide edo elkarte batek igo izan du San Sebastian bezperan bandera, gaueko hamabietan. Oraindik, jendaurrean behintzat, ez dute esan zeinek igoko duen aurten.

Bestetik, eta jakina den bezala, bezperako danborradan, Errazkin alkateak proposatu eta danbor taldeen ordezkariek onartuta, plazan "euskal gatazkako sufrimendu guztiengatik" minutu bateko isilunea gordeko da eta taldeek elkarrekin, une horretan, Konponbidea. Elkarrizketa. Euskal Herria. Hitza eta erabakia. Bakea leloko pankarta zabalduko dute.