Bota 'bertsue' etxebizitza arazoaz

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 8a, 10:01
karasusan etxearen aurrean bilduta, etxebizitza eskubidea aldarrikatu eta politika berri bat aldarrikatzeko.

Karasusan etxea okupatzea egotzita deklaratzera deitutakoen gastuei aurre egiteko bertso lehiaketa antolatu dute, larunbaterako

Ekimenean parte hartzeko Azpeitiko etxebizitza egoeraz bertsoa egin behar da

Etxebizitza eskubidea aldarrikatuz, herriko hainbat gaztek Karasusan etxea okupatu zuten orain bi urte. "Ekimen horrekin gure eta herritar guztien eskubideak errespetatzeko eskatu eta etxebizitza politika berri baten beharra aldarrikatu genuen". Ertzaintzak atera zituen gazteak etxe horretatik, eta ondorioz bederatzi gazte deklaratzera deitu dituzte. Auzi honek gazteei sortuko dizkien gastu ekonomikoei aurre egiteko Bota bertsue! ekimena jarri dute martxan. Ekimenari bukaera larunbatean emango diote bertso-txotxarekin eta kontzertuarekin, Azpeitiko Gaztetxean.

Azpeitiko epaitegira deitutako bederatzi gazteetako bik dagoeneko deklaratu dute epaitegian, batak azaroan eta besteak abenduan. Zazpi falta dira epaitegian deklaratzeko eta otsailean deituko dituztela espero dute: "Hasieran denok egun desberdinetan deklaratzera deitu gintuzten, baina itzultzailea ekarri behar zutela-eta gainontzeko zazpirak egun berean deituko gaituztela esan ziguten".

Azpeitiko Gazte Asanbladakoen (Azga) esanetan, etxebizitza eskubidearen aldarriarekin jarraitzeko asmoa dute, ez dute isiltzeko asmorik. "Azpeitian usteltzen ari den eraikin bati bizia ematen saiatzeagatik bederatzi gazte epaitu nahi dituzte. Baina gure ahotsa ez dute isilaraziko. Denbora luzea da gertaerak pasatu zirenetik, eta egoera ez da aldatu. Udaletik etorritako promesak hitz eta proposamen xumeetan besterik ez dira gelditu; guk ekintza zuzenak behar ditugu, ordea", dio Azgak.

Gastuei aurre egiteko

Bota bertsue! ekimenarekin auzi honek sortutako gastu ekonomikoei aurre egin nahi diote. Ekimenean parte hartzeko Azpeitiko etxebizitza egoeraz bertsoa egin, egilearen izena eta telefonoa jarri, eta herriko hainbat tabernetan jarri dituzten kaxetan utzi beharko dira. Gero, larunbat arratsaldean Gaztetxean egingo duten jaialdian bildutako bertsorik onenak abestuko dituzte. Antolatzaileen esanetan, bertsorik onenarentzako saria ere izango da.

Bota Bertsue! ekimena

Urtarrilak 10, larunbata. 20:30ean

  • Azpeitiko Gaztetxean
  • Bertso txotxa.
  • Bertsorik onenak abestuko dira eta onenarentzat saria egongo da.
  • Musika kontzertua: Sugarballs, Kasik eta Aldeixok.
  • Sarrera 3 euro.