Gaur sartu dute EAJk eta EAk alkatearen aurkako zentsura mozioa

Uztarria.com 2009ko urt. 5a, 11:01

Hilaren 17an eztabaidatuko dute, eta Julian Eizmendi jeltzalea izango da alkate berria, Iñaki Errazkin ezker abertzalekoaren partez

EAJk gutxiengoan gobernatuko du, EA ez delako sartuko udal gobernuan

Azkeneko albistea (hilak 5, 14:22). Ezker abertzaleko alkateek diote mozioak "konponbidea urrundu" egiten duela

Azpeitiko Udaleko EAJko zortzi zinegotziek eta, iragarri bezala, EAko batek —besteak ez— Iñaki Errazkin alkatearen kontrako zentsura mozioa sartu dute gaur (astelehena), udaletxean, hamarrak baino lehenxeago. Errazkinen taldeak (ezker abertzaleak) Inazio Uriaren hilketa salatu ez zuelako sortu zen aukera hori (ETAk hil zuen Uria enpresaburua, abenduaren 3an, Azpeitian, Loiolan). Mikel Ibarzabal izan da mozioa sinatu duen EAko zinegotzia —Manuel Unanue da EAko beste hautetsia—.

Hain zuzen, hilaren 17ko udalbatzarrean eztabaidatuko dute mozioa, 12:00etatik. Bederatzi haiek neurriaren alde bozkatzen badute, Errazkin alkatetzatik kenduko dute eta Julian Eizmendi (EAJ) izango da alkate berria.

Abenduaren 20an jakinarazi zuten erabakia Azpeitiko EAJk eta EAk, egun berean bien arteko bilera egin ondoren. Gehiengo osoa behar da mozioa sartzeko eta berau aurrera ateratzeko; Azpeitiko Udalean hamazazpi hautetsi daude.

EAk abenduaren 3an bertan utzi zuen udal gobernua, baina Azpeitiko EA ez zegoen mozioaren alde. Zuzendaritzaren jarrera, baina, erabakigarria izan da azkenean mozioa babesteko.

Dena dela, EA ez da sartuko udal gobernuan, eta EAJk gutxiengoan gobernatuko du. Oposizioan geratuko dira ezker abertzalea (sei zinegotzi), EA (bi) eta Aralar (bat).

2007ko ekainaren 16tik da Errazkin alkate, EAE-ANVk, EAk eta Aralarrek bat egin ostean.

Eizmendi 2003-2007 legealdian ere izan zen Azpeitiko alkate.

Hilaren 10ean zentsura mozioaren kontrako manifestazioa

Ezker abertzaleak deituta, hilaren 10ean zentsura mozioaren kontrako manifestazioa egingo dute Azpeitian, Konponbidea orain, euskal herritarren hitza errespetatu lelopean. 18:00etan hasiko da, plazan.

Kronologia

2007ko maiatzaren 27a. Udal hauteskundeak. Azpeitian EAJk 3.300 boto lortu zituen, EAE-ANVk 2.409, EAk 760, EB-Aralarrek 404, PSE-EEk 343 eta PPk 224. Azpeitiko Udalean 17 hautetsi dira: EAJk 8 lortu zituen, EAE-ANVk 6, EAk 2 eta EB-Aralarrek 1.

2007ko ekainaren 16a. Ustekabea izan zen: EAE-ANVren zerrendaburu Iñaki Errazkin hautatu zuten alkate. 9 boto jaso zituen (EAE-ANVko 6, EAko 2 eta EB-Aralarreko 1); Julian Eizmendik, berriz, 8 (EAJkoak).

2007ko ekainaren 22a. Agintaldiko akordioa aurkeztu zuten udal gobernuko hiru alderdietako kideek: EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek. Herritarrei "lasaitasuna, errespetua eta normaltasuna" eskatu zieten.

2008ko maiatzaren 8a. EAJk "mozio etikoa" aurkeztu zuen udaletxean eta EAE-ANVko udal ordezkarien dimisioa eskatu zuen, "indarkeria" ez salatzeagatik. Mozioak EAJkoen botoak bakarrik jaso zituen. Udal Gobernuak beste testu bat adostu zuen eta hura onartu zen; horren arabera "desberdinen arteko akordioek" ekarriko dute konponbidea.

2008ko abenduaren 3a. Inazio Uria Altuna y Uria enpresako buruetako bat hil zuen ETAk Loiolan, 13:05 aldera. 18:00etan ezohiko udalbatzarra egin zuten Azpeitiko Udalean. EAJk, EAk eta Aralarrek aurkeztutako mozioa onartu zuten; hautetsi independentisten mozioa onartu gabe gelditu zen. EAk udal gobernua utzi zuen.

2008ko abenduaren 4a. Aralarrek ere udal gobernua utzi zuen. EAJk zentsura mozioa aurkezteko asmoa azaldu zuen.

2008ko abenduaren 11. EAJk eta EAk bilera egin zuten Gasteizen. Bilera ondoren, EAJk proposatutako mozio zentsura babestuko zuela adierazi zuen EAko zuzendaritza nazionalak.

2008ko abenduaren 20a. Azpeitiko EAJren eta EAren bilera zentsura mozio akordioa adosteko. Akordioa lortu zuten.

2009ko urtarrilaren 5a. EAJko zortzi zinegotziek eta EAko bietako batek —Mikel Ibarzabalek— Iñaki Errazkin alkatearen kontrako zentsura mozioa sartu dute.

2009ko urtarrilaren 17a. Aipatutako mozioa eztabaidatuko dute udalbatzarrean. Julian Eizmendi jeltzalea izango da EAJren hautagai alkate berri izateko, eta EAk batek ere babestu egingo du.

Azkeneko albistea (hilak 5, 14:22). Ezker abertzaleko alkateek diote mozioak "konponbidea urrundu" egiten duela. Ezker abertzaleko hainbat alkateren ustez, EAJren eta EAren Azpeitiko zentsura mozioa ez da ona konponbide politikoari begira. "Hortik urrundu egiten gaitu", esan dute Niko Moreno Elorrioko (Bizkaia) alkateak eta Iñaki Zabala Urretxukoak (Gipuzkoa), "ezker abertzalearen isolamendua eta kriminalizazioa bilatzen dutelako". Beste hamar bat alkaterekin prentsaurrekoa eman dute gaur, Donostian —han zen Azpeitikoa: Iñaki Errazkin—.

Babesa agertu diete Errazkini eta Azpeitiko ezker abertzaleko zinegotziei, eta ETAk Azpeitian bertan Inazio Uria hil ondoren, haiek "konponbidea" ere eskatu zutela nabarmendu dute Morenok eta Zabalak. Konponbidea lortzeko "herri honen erabaki eskubidea errespetatu" behar dela deritzote.

Azpeitiko "operazioa" herritik kanpo diseinatutakoa dela kritikatu dute, "eta EAJren negozio interesei baino ez die erantzuten". EAren jarrera "onartezina, hipokrita eta salatzekoa" izan dela iritzi diote, alderdi horrek zentsura mozioa babestu egingo duelako eta 2007ko ekainean emandako aldaketa bertan behera utzi duelako. "Aurreko hauteskundeetan Azpeitiko herriak erabaki zuen haize freskoa behar zela, nazkatuta zeuden EAJren kudeaketa ilunaz, baztertzaileaz eta itxiaz". 1979tik 2007ko ekainera beti EAJko kide bat egon zen alkatetzan.

Azpeitiko ezker abertzaleak larunbaterako manifestazioa deitu du (18:00), eta Morenok eta Zabalak bertara azaltzeko eskatu dute.