Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako adierazpen instituzionala onartu du Udalak

Uztarria.eus | Gizartea
2008ko aza. 26a, 11:11

Atzo (Azaroak 25) Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna izan zen eta Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez

Azpeitiko Udalak "indarkeria matxistaren" aurka lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi zuen

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrakoo nazioarteko eguna izan zen atzo, asteartea, eta Azpeitiko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten. Batzordearen esanetan, "emakumeon kontrako indarkeria gure herriko arazo larrienetako bat dela ondorioztatu dezakegu".

Azpeitiko Udalak "indarkeria matxistaren" aurka lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi zuen. "Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua" garatzeko asmoa dutela esan zuten. Udalekoen arabera, mota desberdinetako neurriak kontuan hartu behar dira. "Indarkeriari aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontuan, besteak beste prebentzio neurri gisa martxan jarri berri den hezkidetza proiektuarekin jarraitzeko konpromisoa, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak".

Herriko jaietan emakumeek jasan behar izaten duten egoerari buruz, "herriko jaietan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagotzea ematen da", adierazpenean jaso dutenez. Bestetik, ikuspegi asistentzialetik bideratutako neurriek bi norabidekoak izan behar dutela adierazi zuten. "Batetik, hezkidetzan oinarritutako prebentzio lan iraunkorra hezkuntzan, osasungintzan, lan eremuan, gazterian. Bestetik, behin erasoa gertatu eta gero artikulatu beharreko erantzun sozialari dagokiona".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu