Indarkeriaren aurrean, antolatzeko dei egin du Koordinadora Feministak

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2008ko aza. 24a, 09:11

Bihar (asteartea) Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da

Koordinadorak hainbat ekimen antolatu ditu

'Instituzioen itxurakeria gehiagorik ez, hitzetatik ekintzetara' lelopean elkarretaratu ziren epaitegi aurrean. (Amaia Mendizabal)  Argazki originala

"Urteak joan ahala zail egiten zaigu emakumeen kontrako indarkeria kasuak areagotu egin al diren ala ez esatea. Kontua da nazkatuta gaudela". Sentsazio horrekin egin zuen atzo agerraldia Azpeitian Urola Kostako Koordinadora Feministak, hilaren 25ean egingo den Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako prestatu dituzten salaketa ekimenen berri emateko. Bide batez, antolatzeko dei egin zien emakumeei.

Eskualde guztiko emakumeak bildu ziren Azpeitiko epaitegiaren ateetan; han zegoen, besteak beste, Zumaiako Malen Etxeako arduradun Silvia Carrizo ere.

Gizarte osoaren arazo

Hasteko eta behin, koordinadorakoek arazoaren argazkia egin zuten. Hala, emakumeen kontrako indarkeria ez dela "arazo isolatua eta pribatua" nabarmendu zuten, gizartearen egiturazko arazoa baizik: "Sistema honek martxan dituen botere harremanetan eta emakumeek gizonekiko bizi duten menpeko egoeran aurkitu behar dugu egungo indarkeria kasu ugarien jatorria. Beraz, indarkeria gertaerak ez dira modu isolatuan eta pertsonalean ulertu behar, arazo sozial eta estruktural batean aurrean gaude".

Gauzak horreka, "nazkatuak" daudela diote "hainbeste eraso eta indarkeria kasurekin, hedabideek gai tratatzeko duten moduarekin, gure askatasuna mugatzen duten guztiekin".

Ildo horretatik, erakundeei mezu zuzena igorri zieten atzokoan: "Bideragarriak ez diren neurriak planteatzen dituzue eta horien publizitatea egiten duzue, arazoaren erroetara joan gabe".

Konponbidea, antolatzea

Egoera horren aurrean, Koordinadorak dei egin die emakumeei "bildu eta autodefentsa mekanismoak martxan jar" ditzatzen, "beldurrik gabe jarrera aktiboarekin" antolatuz: "Beharrezkoa da emakumeok antolatzea, gure artean babestea, taldean eztabaidatzea eta espazio komunak eraikitzea".

Azkenik, etzirako antolatu dituzten ekimenetan parte hartzeko dei egin zuten.

Azaroaren 25eko egitaraua

  • Jolas orduan, ikastetxeetan elkarretaratzeak egingo dituzte.
  • 19:30ean, elkarretaratzea herriko plazan.
  • 21:00etan, Azpeitiko Bilgune Feministak eta Zine Klubak, Kadosh filma emango dute Betharramdarretan.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu