Ardo Dastaketa Eguna egingo dute larunbatean

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2008ko urr. 17a, 12:10

Hogeita bi upategietako ardoak dastatzeko aukera izango da

Izarraitz-Txokok antolatutako patata tortilla dastaketa ere bihar izango da

Hirugarrengo aldiz Ardo Dastaketa Eguna egingo dute herrian larunbatean. Udaleko Festa Batzordeak Odriozola Ardoak-en laguntzarekin antolatutako egun horretan edateko eta jateko aukera zabala izango da.

Ardogileen postuak herriko plazako arkupetan jarriko dituzte. Aurten, Errioxako 20 upategik baino gehiago parte hartuko dute. Hauekin batera gaztagileen eta Gernikako piperren postuak ere egongo dira. Horrez gain, Izarraitz-Txokok antolatuta, patata tortilla dastaketa ere egingo dute eta GAELek, Gaixo eta elbarrituen Aisialdiko Taldeak, ogitartekoak eta pintxoak eskainiko ditu.

Hiru eurorekin kopa huts bat ordain eta 4 txartel jasoko dira lau ardoren truke. Bestalde, Izar eta Alabier-en trikitixa emanaldia izango da goiz osoan plazan.

Izarraitz-Txokok antolatutako patata torilla dastaketan zortzi elkartek hartuko dute parte

Izarraitz-Txoko Elkateak 75. urteurrena betetzen du aurten eta,, ospakizunen baitan, herriko elkarteen arteko patata tortilla dastaketa antolatu du, besteak beste. Bihar izango da, Ardo Dastaketa Egunarekin batera. Izarraitz-Txoko elkartearekin batera herriko beste zazpi soziedadek hartuko dute parte. Hona hemen patata tortillak egiteko izena eman duten elkarteak: Ilunpe, Loiola-Bidezaharra, Zokoa, Izarraizpe, Arkaitza, Inpernupe eta Ardozaleak. Parte hartuko duen elkarte bakoitzak 25 euroko diru laguntza jasoko du.

Izarraitz-Txokokoen asmoa patata tortilla pintxoak doan banatzea zen. Baina, Azpeitiko Gaixo eta Elbarrituen Aisialdi Taldeak (GAEL) ere "sos batzuk ateratzeko" pintxoak saltzeko postua jartzen duela eta, azkenean euro batean saltzen jarriko dituzte eta "tortilla pintxoekin bildutako dirua elkarte horrentzat izango da".

Euro batean hiru tortilla zati

Baina euro baten trukean, hiru tortilla dastatzeko aukera eskainiko dute, plater batean hiru tortilla zati jarriko dituztelako. "Guk antolatu duguna tortilla dastaketa da eta, era horretan, hiru dastatzeko aukera behintzat izango dute nahi duten guztiek", dio Izarraitz-Txoko elkarteko Iñigo Agirrek.

III. Ardo dastaketa eguna Azpeitian

Postuak

Ardogileak.

  • Termino de Ugarte
  • Heredad de Ugarte
  • Esencia Valdemar
  • Conde de Valdemar
  • El coto
  • Longrande
  • Teofilo Saez de Samaniego
  • Dominio de Berzal
  • Viña real
  • Luis Cañas
  • Zuazo Gaston
  • Señorío de Uñuela
  • Viña Salceda
  • Viña Heruentia
  • Heras Cordon
  • Azpilikueta
  • Carlos Seres
  • Viña primun
  • Viña cantos
  • Marques de Murrieta
  • Pierola
  • Larchago bodega
  • Viñas La Guardia
  • Azkona bodega

Jatekoa

Herriko elkarteetan egindako tortilla patata pintxoak, Gernikako piper errearen pintxoak, gazta pintxoak eta beste jaki batzuekin egindako ogitartekoak.

Antolakuntza

Ordutegia. 11:30etatik 14:00etara bitartean egongo dira postuak irekita, herriko plazan.

Txikitoak. Ardo dastaketarako txartelak 3 eurotan egongo dira salgai. Diru horren trukean, kopa huts bat eta lau txartel emango dituzte, horiekin lau baso ardo hartzeko.