Sindikatuak eta Grumaleko buruak ez dira ados jarri

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 15a, 14:10

Zuzendaritzak adostasuna nahi du, baina LABek ez du kaleratzerik negoziatzeko asmorik

Datorren astelehenean beste bilera bat egingo dute, akordio bila

Atzo, Zumaiako GKN Driveline eta Azpeitiko Grumal enpresetan zuzendaritzek aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Txostenaren inguruko negoziazio bilerak egin zituzten zuzendaritzako kideek sindikatuetako ordezkariekin. Bi kasuetan, ez zen akordiorik izan aldeen artean eta, beraz, negoziazioetan jarraituko dute enpresen ardurarunek eta sindikatuek.

Bietan ekoizpenak nabarmen egin du behera, eta bi enpresetako zuzendaritzak egoera horri aurre egiteko neurriak hartzen hasi dira: Zumaiako enpresak 23 langile kaleratu ditu jada eta orain enpresako langile guztiei eragingo dien Enplegua Erregulatzeko Txostena proposatu du; langile bakoitza 55 egunez kaleratzea ahalbidetuko luke horrek. Grumaleko zuzendaritzak, berriz, 44 langile kaleratzea proposatu du Enplegua Erregulatzeko Txostenaren bidez.

Grumalek adostasuna nahi

Grumal enpresako arduradunak eta enpresa horretako ordezkari sindikalak atzo goizean elkartu baziren ere, oraindik ez dute adostasunik lortu.

Enpresako kudeatzaile Bittor Aranzabalek adierazi duenez, "diagnostikoan ados jartzeko zailtasunak" dituzte enpresak eta langileek. Zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Txostenaren bidez 44 langile kaleratzea proposatu du, eta txosten hori Eusko Jaurlaritzan aurkeztu aurretik, sindikatuekin hizketan hasi da, "adostutako txosten bat egiteko asmoarekin".

Horren aurrean LAB sindikatuak argi hitz egin du dagoeneko: enpresaren asmoa 44 langile kaleratzea bada, ez du hori negoziatuko, ez baitute kaleratzeak negoziatzeko asmorik. Enpresak egoerari aurre egiteko beste proposamenen bat aurkeztea nahi du sindikatu honek: "Gure ustez, enpresaren helburua lanpostuak mantentzea izan behar da" azaldu dute LABeko ordezkariek.

LABek onartzen du ekoizpena jaitsi egin dela, baina azken urteetako irabaziak "ikaragarriak" izan direla uste dute eta, beraz, enpresak baduela "nahikoa tresna ekonomiko-finantziero arazo honi beste modu batean aurre egiteko".

Fakturazioa ia erdira jaitsi da

Aranzabalen esanetan, enpresa egunean 127.000 euro fakturatzeko prestatuta dago, eta orain egunean 80.000 euro fakturatzen dute: "Eskaerak sartu ahala egiten dugu lan. Enpresak diseinu industrial zehatz bat du bai makinei dagokienez, bai langile kopuruari dagokionez; egunean 127.000 euro inguru fakturatzeko dago prestatua. Azken hiru hilabeteetan hori baino askoz gutxiago ari gara fakturatzen. 80.000 eurora ere ez gara iristen ari azken egunetan. Hori da guk aurreikusten dugun egoera eta, horregatik, neurriak ahalik eta azkarren hartu behar ditugu, egoera hau jasanezina delako".

Berrogeita lau langile kaleratzeko proposamena mahai gainean badago ere, hori zein baldintzetan egingo litzatekeen sindikatuekin adostu nahi du enpresak. Gutxienez lankidetza hitzarmenean aurreikusita dauden baldintzak betetzeko asmoa du, "baina badakigu zein den LAB sindikatuaren jarrera, bileran esan duelako; ELArena jakitea falta da orain".

Mementoz ez du adierazpenik egin ELAk; bera eta LAB dira enpresan ordezkaritza duten sindikatu bakarrak. ELAk 8 ditu eta LABek, berriz, 5.

Sindikatuen arteko balizko lankidetza batetaz galdetuta, LABek adierazi du oraindik ez dakiela zein den ELAren jarrera, eta beraz, mementoz ez dakite bi sindikatuen artean adostasunik izango den ala ez: "ELAk azaldu beharko du zein den bere jarrera, oraindik ez baitu egin. Bion jarrera mahai gainean jartzen ez den bitartean, zaila izango da proposamen bateratuetara iristea, guk ez dakigulako memento hauetan zein den ELAren proposamena". Hala ere, LABek argi du ez duela bere jarrera aldatuko; alegia, langileak kaleratzeko aukera ez zaio negoziagarria iruditzen eta horri helduko dio.

Mementoz adostasunik ez da, beraz, Grumal-en. Enpresaren eta sindikatuen arteko hurrengo bilera astelehenean izango da, hilaren 20an.

Kooperatiba asmoak aurrera

Ekonomiak bizi duen egoerak etorkizuneko proiektuak ere kolokan jar ditzake. Azpeitiko Grumal enpresa, esaterako, kooperatiba bihurtu nahi dute datorren urtean. Egun bizi duten egoerak enpresa kooperatiba bihurtzeko asmoetan eraginik izango badu ere, asmo horretan jarraitzen dutela adierazi du Aranzabalek. Horregatik orain neurri egokiak hartzea garrantzitsua da, "gure langileek enpresan parte hartzea nahi badugu, proiektu horrek sostengu finkoa izan beharko duelako".